Obozitoak hartzea

Obozitoak hartzeko programa Laguntza bidezko Ugalketako teknika bat da. Horretan, gameto emea (obozitoa) enbrioia jasoko duen emakumea ez den beste batek ematen du. Teknika horren bidez lortu diren haurdunaldi tasak beste teknika batzuen bidez lortu ohi direnak baino altuagoak dira.

Medikuntza-literaturak 1983an jaso zuen lehenengoz, Trousonen taldeak eta haren laguntzaileek emaile baten obozitoak erabiliz haurdunaldi bat lortu zutela.

Argibideak

  • Obulutegi-hutsegite goiztiarra badago.
  • Kausa genetikoak badaude.
  • Arrazoi immunologikoak badaude.
  • Aldez aurretik tratamendu onkologikoak jaso badira.
  • Etiologia ezezaguna bada.
  • Asaldura genetikoak badaude.
  • In vitro Ernalkuntzako saiakerek porrot egin badute.
  • 40 urte baino gehiagoko emakumeekin.
  • Abortu errepikatuak izan badira.

Obozito-emaileen hautaketa

Emaileak kontu handiz hautatu behar dira medikuntza- eta lege-irizpideak jarraituz. Emaileek ezaugarri hauek izan behar dituzte:

  • 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  • Genetika bidez transmititu daitezkeen gaixotasun-historia negatiboa izatea.
  • Kariotipo (kromosoma-multzoa) normala izatea.
  • Sexu-transmisiozko gaixotasun kutsakorrik (esaterako, sifilia, B eta C hepatitisa, GIB, herpesa, klamidia, gonokozia) izan ez duela egiaztatzea.
  • Egoera psikofisiko onean egotea.

Aurreko baldintzak betez gero, emaile izan daitezke:

  • Emakume gazteak, programaren berri jaso ostean obozitoak modu altruistan eman nahi dituztenak.
  • In vitro Ernalkuntza programako pazienteek emaitza onak izan badituzte, lortutako obozitoetatik batzuk borondatez eta modu anonimoan ematea erabaki dezakete.

Hala ere, Quironsalud Donostia eta Iruñako Laguntza Bidezko Ugalketako unitateek, emaile altruisten obozitoak baino ez dituzte erabiltzen. Horrek haurdunaldi tasa handiak dakartza, nahiz eta, zenbaitetan, tratamendua hasi aurretik itxaron beharra ere egon daitekeen.

Bi Ugalketa Unitate horiek, gainera, aitzindariak dira emaileak hautatzeko test psikologikoak egiten Azterketa Klinikoko Galdetegia (CAQ, SE Krug) eta Millon-II Inbentario Kliniko Multiaxiala (MCMI-II) erabiliz.

Emailearen prestakuntza

Osasun irizpideak betetzen dituzten emaileek obozitoak lortzeko tratamendu suspertzailea noiz jaso nahi duten erabaki behar dute.

Emaileak berak hartu beharko du obozitoak lortzeko obulutegiak suspertzen dituen botika.

Obozitoak hartzeko, anestesia lokal ala erregionala (emaileak nahiago duena) emango zaio emaileari eta bagina ekografia baten bidez obulutegiei ziztadak egingo zaizkie. Obozitoak lortu direnean alta emango zaio emaileari.

Obulutegiak suspertzeko tratamendua 10-12 egunekoa da eta obulutegietako hazkundea jarraitzeko, 4-5 kontrol egiten dira epealdi horretan (bagina ekografiak). Hurrengo hilekoa heldutakoan, emaileak aho bidezko antisorgailuak hartzeari ekin ahal izango dio (lehen ere hartzen bazituen), obulutegiak aurreko egoerara bueltatzen baitira.

Hartzailearen prestakuntza

Laguntza bidezko beste ugalketa teknika batzuekin ez bezala, emaile baten obozitoetatik lortutako enbrioiak jasoko dituen emakumeak tratamendu erraz bat beharko du endometrioa (haurdunaldia hartuko duen umetokiaren barneko geruza) behar bezala prestatzeko.

Emakumeak obulutegi-hutsegitea badauka (menopausia goiztiarra izan ala ez izan), aho bidez hartu beharko ditu estrogenoak endometrio egokia garatu arte. Horrek kontrol ekografiko bat edo bi baino ez du eskatzen.

Ekografia bidez endometrioaren lodiera ondo dagoela ziurtatzen denean, Progesterona gehitzen da tratamendura eta enbrioien transferentzia antolatzen da. Emakumeak ziklo erregularrak baditu, prestakuntza ziklo naturalarekin egin daiteke edo itzulgarria den menopausia eragiten duen botika baten (GnRHaren analogoa) dosi bakar bat emango zaio muskulubarneko injekzio baten bidez.

Ondoren, obulutegi-hutsegitea duten emakumeen tratamendu bera jaso beharko du.

Emaitzak

Teknika honek ematen ditu Laguntza Bidezko Ugalketako tekniketan emaitzarik onenak. Transferentzia bakoitzeko haurdunaldi tasa %60koa baino altuagoa da; eta transferentzia blastozisto fasean egiten bada, tasa %78koa izan daiteke. Izan ere, inplantazioa enbrioiaren kalitatearen araberakoa da, enbrioiaren kalitatea obozitoaren kalitatearen araberakoa, eta azken hori emailearen adinaren menpe dago.

Eragozpenak

  • Lortzen diren haurdunaldietatik %37a anizkoitza da.
  • Behin eta berriro huts egiteak kalte psikologikoa eragin dezake.