“Garrantzitsua da bularra gauean ematea, prolaktinaren gailurra sortzen baita, esnearen hormona”
Garrantzitsua da bularra azkar ematea, lehen orduetatik, haurrak eskatuta, eta haurra ondo jartzen ikastea, arrakala arriskutsuak prebenitzeko.
Amagandiko esnealdiaren munduko astea dela eta, Policlínica Gipuzkoako emagin taldeak emakumeak animatu nahi ditu une horretarako prestatzeko. Hori dela eta, nabarmentzen dute oso garrantzitsua dela seme-alabak lehen orduetatik elikatzea amaren esnearekin, ahal bada, eta beti ere, egunez zein gauez, haurrak eskatuta. Magali Fernández de Labastida, Policlínica Gipuzkoako emaginak, honela azaldu digu: “Guk jaio bezain laster jartzen dugu umetxoa larruan. Ordu bete pasa eta gero, amari bularrean jartzen laguntzen diogu, ezinbestekoa baita, lehenbailehen hobeto, titia ematea”.
Emagin horrentzat garrantzitsua da aldez aurretik pentsatutako ideiak saihestea eta jakitea oso garrantzitsua dela haurtxoak eskatzen duenean bularra ematea, esnealdia ez duelako nutrizio-funtzioa soilik, baizik eta funtzio lasaigarri bat ere.
Horretarako, Policlínica Gipuzkoako emaginen taldeak, erditzea eta esnealdia prestatzeko ikastaroak eskaintzen ditu. Ikastaro horietan, haurdunaldiaren azken hilabeteko eragozpenak, erditzearen gai guztiak, erditu ostekoak eta amagandiko esnealdiari buruzko prestakuntza lantzen dira. Gainera, ospitalea eta erditzeko espazioak ezagutzeko aukera ematen zaie, aurkituko duten ingurunea ezagutu dezaten eta lasaitasun handiz joan daitezen, bai ama, bai bikotekidea.
“Emaginek gomendatzen duguna 14 hartualdi dira, baina ez dugu erlojuari begira egon behar, ez dugu pentsatu behar hiru ordutik behin bularra eman behar dugunik, horrek frustrazioak eta beldurrak sortzea besterik ez baitigu egingo”, dio Policlínica Gipuzkoako emaginak. Era berean, haurtxoa bularrean jartzea ere garrantzitsua da, bai egunez, bai gauez, “goizaldean gertatzen baita, hain zuzen ere, esnearen hormona gailurra, prolaktina, alegia”.
Magali Fernández de Labastida, Policlínica Gipuzkoako emaginak, halaber, esnealdian emakumeak atseden hartzearen garrantzia azpimarratzen du, beregan eta bere umetxoan zentratzeko, beste zeregin batzuetan baino gehiago. Eta laguntza eskatzearen garrantzia ere azpimarratzen du, beharrezkoa denean: “Erlaxatuta egon behar du, ez estresatuta, horrek ere eragina izango baitu esne-ekoizpenean”.
Policlínica Gipuzkoako emaginak laguntza-biberoiak, serum glukosatukoak eta txupetea saihestea gomendatzen du, “gutxienez lehenengo asteetan, esnealdia ondo ezarri arte, bularra ematen hasi eta hilabete ingurura”.
“Emaginok gomendatzen duguna haurrak eskatu ahala, bularra ematea, eta ez edukitzea 15 minutu bular batean eta 15 bestean lehen esaten zen bezala. Orain gomendatzen dena da, hartualdi bat, bular bat. Ez bada asetzen, beste bularra eskaini behar zaio, baina erlojuari begira egon gabe”, dio Magali Fernández de Labastidak.
Zentzurik gabeko mito batzuk
Policlínica Gipuzkoako emaginak mito batzuk ere gezurtatu nahi ditu, hala nola bular gutxiko emakumeek esne gutxiago izango dutela: “Bularraren tamainak ez du zerikusirik, esnea haurra xurgatzen den heinean sortuko baita. Horregatik da hain garrantzitsua haurra bularrean jartzea”.
Esne gehiago egiten laguntzen duten janariei edo edariei dagokienez, gezurtatu egiten ditu, ez dutelako ebidentzia zientifikorik. Baina ez du gomendatzen, bularra ematen ari den bitartean, edari kitzikagarriak gehiegi erabiltzea, hala nola kola freskagarriak, kafeak edo teak.
Arrakalak prebenitzea
Azkenik, Policlínica Gipuzkoako emaginak tailerretara joateko aholkatzen die emakumeei, esnealdirako prestatzeko, edo erditu ondoren emaginei aholkua eskatzeko, haurra bularrean behar bezala nola kokatu erakuts diezaieten, arrakala beldurgarriak saihesteko. “Izan ere, arrakalak heltzen on bat ez dagoelako sortzen dira, horregatik da garrantzitsua emaginei informazioa eskatzea esnealdirako posizio egoki bat aurkitzen lagun diezaieten”.