“Hotz bidezko urtikaria larruazaleko gune hotzenetan egon ohi diren zurrungak agertzean datza”

Estefanía Quílez, Policlínica Gipuzkoako alergologoak hotzarekiko alergia benetan zer den azaldu eta bere prebentziorako aholku baliotsuak ematen ditu.

Ba al zenekien hotzari alergia izan daitekela? Kalkulatzen da patologia horrek Europa erdialdeko 2000 pertsonatik 1i eragiten diola, eta Estefanía Quílez Policlínica Gipuzkoako alergologoak azaltzen duenez, berez, urtikaria bat da, tenperatura baxuetan egon ondoren pertsona batzuei eragiten dien larruazaleko erreakzioa.

“Hotz urtikaria haboi pruriginosoak agertzean datza, hau da, hazka egiten duten eta larruazaleko gune hotzenetan egoten diren zurrungak. Sintoma horiek pixkanaka desagertzen dira larruazalak bere tenperatura fisiologikoa berreskuratzen duenean”, adierazten du espezialistak.

Diagnostikoa eta tratamendua

Diagnostikoa, batez ere, pazienteak deskribatzen dituen sintometan oinarritutako susmo klinikoaren bidez egiten da. Gainera, izotz-kubituaren testa deiturikoaren bidez diagnostikatu daiteke: izotz-kubitu bat jarri behar da besaurreko larruazalaren gainean, 5 bat minutuz, eta larruazaleko erreakziorik agertzen den ikusi behar da, hala nola gorritasuna, zurrungak edo hantura. 

Tratamenduari dagokionez, Policlínica Gipuzkoako alergologoak adierazten du prebentzioa dela funtsezkoena: “Hotzaren eraginpean jarriko bazara, egokiena da ondo babestea, eskularruak erabiltzea neguan motor bat gidatuko bada, oinak bero edukitzea edo ur hotzean bainu luzeak saihestea”. Sintomak agertu diren kasuetarako, ahotik hartzeko antihistaminikoak erabiltzea gomendatzen da, aurreikusteko moduko egoeretan ere prebentzioz har daitezkeenak.

Aholku praktikoak

Urtikaria mota hori aurkezten dutenentzat, hauek dira funtsezko aholkuak:

  • Ahal den guztietan, saihestu hotzarekiko esposizioa.
  • Gorputza bero mantentzeko arropa egokia erabili.
  • Antihistaminikoak eskura izatea, ustekabeko erreakzioren bat gertatuz gero erabiltzeko.

“Prebentzio-neurriekin eta erabilera egokiarekin, baldintza horrek ez luke eragin nabarmenik izan behar egoera hori pairatzen dutenen eguneroko bizitzan”, ondorioztatzen du espezialistak.