
“Bihotzeko errehabilitazioan, garrantzitsuena ez dira pultsazioak, baizik eta eroso sentitzea eta gorputza ez behartzea”
Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza-kausa nagusia Espainian, heriotzen %a26,1a izan ziren 2022an, 100.000 biztanleko 215,56ko heriotza-tasarekin.
Ezbehar kardiobaskular baten ondoren, paziente baten bizitza une batetik bestera aldatzen da. Ziurgabetasuna, beldurra eta normaltasuna berreskuratzeko beharra dira bihotzekoa izan dutenek edo bihotzeko kirurgia jasan dutenek dituzten erronketako batzuk. Trantsizio hori errazteko, Policlínica Gipuzkoak bihotz-errehabilitazioko programa oso bat eskaintzen du, bizi-kalitatea hobetzeko eta etorkizuneko arazoei aurrea hartzeko diseinatua.
Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotza-kausa nagusia Espainian, 2022an heriotzen %26,1a izan ziren, 100.000 biztanleko 215,56ko heriotza-tasarekin. Estatistika kezkagarri horrek errehabilitazio-programen garrantzia azpimarratzen du, gertaera horien eragina murriztea eta pazienteen osasun kardiobaskularra hobetzea bilatzen baitute.
Eduardo Alegria, Policlínica Gipuzkoako kardiologoak, bihotzeko errehabilitazioa ez dela bakarrik infartua izan duten pazienteentzat azpimarratzen du, baizik eta birbaskularizatu dituzten, bularreko angina duten, bihotz-gutxiegitasuna duten edo arrisku kardiobaskularreko faktoreak hobetu nahi dituzten pazienteentzat ere, hala nola hipertentsioa edo kolesterol altua dutenentzat. “Programak, egoera fisikoa berreskuratzen laguntzeaz gain, etorkizuneko gertaera kardiobaskularren prebentzioan ere funtsezko papera betetzen du”, dio.
Policlínica Gipuzkoako kardiologoak nabarmentzen duenez, paziente batzuetan, bihotzeko errehabilitazioak funtsezko aldea markatzen du: “Kardiopatia kroniko gehienak gertakari akutu gisa hasten dira”, azaltzen du, eta horrek aldaketa handia dakar pazientearen bizitzan. “Pertsona osasuntsutzat jotzetik kardiopatiaren etiketa minutu gutxi barru eramatera pasatzea inpaktu esanguratsua da”.
Errealitate berri horren aurrean, paziente batzuk beren bizitzarekin jarraitzen saiatzen dira, ezer gertatu ez balitz bezala; beste batzuek, berriz, beldurra garatzen dute eta eguneroko jarduerak murrizten dituzte. “Trantsizio hori kudeatzea errehabilitazioaren funtsezko alderdi bat da: gaixotasuna testuinguruan jartzea, pronostikoa ebaluatzea eta lasaitasuna eskaintzea. Gaur egun, tratamendu kardiobaskularrak oso eraginkorrak dira”, nabarmentzen du Alegriak. Errekuperazio fisikoaz gain, bihotzeko errehabilitazioak aukera ematen dio pazienteari bere bizitza sozialari berriro ekiteko eta bere buruarengan konfiantza berreskuratzeko.
Gainbegiratutako ariketa eta laguntza integrala
Elena García, Policlínica Gipuzkoako Errehabilitazio Zerbitzuko buruak dio pazienteentzat funtsezkoa dela giro segurua eta kontrolatua eskaintzea. “Pazienteak beldur askorekin iristen dira, baina hemen lasaitasuna eta fisioterapeutek eta mediku espezialista baten gainbegirada eskaintzen diegu”, azaltzen du.
Eduardo Alegriak gaineratzen duenez, “bihotzerako entrenamendua gidatzeko modurik onena ez da pultsazioetan erreparatzea, erosotasun-sentsazioan oinarritzea baizik, gorputza behartu gabe”. Azaldu duenez, “botikek, giro-tenperaturak, janariak, loak edo emozio-egoerak eragin ditzakete pultsazioetan, eta, ondorioz, ez dira beti adierazle fidagarriak”. Kardiologoaren arabera, “zenbaki jakin batean erreparatu beharrean, garrantzitsuena gorputzari entzutea da: eroso sentitzen bada, jarraitu dezala; behartuta sentitzen bada, intentsitatea murrizteko unea da”, azpimarratzen du.
Paziente baten esperientzia
Ricardo Aristondok Policlínica Gipuzkoako Bihotzeko Errehabilitazio Programari ekin zion aorta-balbula ordezteko ebakuntza kirurgiko kardiobaskular baten ondoren. “Duela bi hilabete operatu ninduten eta hilabete bat egon nintzen eriondoan. Errehabilitazioarekin, nire helburua, kirurgiarekin galdu nuen forma fisikoa berreskuratzea da”, azaltzen du. Saioetan, kontrolatutako ariketak egiten ditu, hala nola bizikleta, zintak eta baloiak, guztiak gainbegiratuta, bere segurtasuna bermatzeko.
Ricardok dioenez, “ez nintzen beldur”, eta programa “hasteko irrikitan nengoen”: “Ebakuntzaren ondorengo asteetan paseoak ematen nituen, eta hobetzen ari nintzela nabaritzen nuen, baina aldapekin eta eskailerekin gehiago kostatzen zitzaidan. Beti kirolaria izan naizenez, nire egoera fisikoa berreskuratu nahi nuen”.
Programaren segurtasunari dagokionez, honako hau azpimarratu du: “Oso seguru sentitzen naiz. Errehabilitazioa fisikoa da, baina laguntza psikologikoa eta nutrizionala ere barne hartzen ditu. Dena erabat kontrolatuta dago, eta Policlínica Gipuzkoa bezalako toki batean, badakit baliabide eta mediku onenak gertu ditudala”.
Ricardok asko baloratzen du talde-giroa: “Esperientzia hontatik pasatu diren pertsonekin egoteak laguntza-giroa sortzen du. Esperientziak partekatzeak laguntzen digu, nahiz eta batzuek besteek baino beldur gehiago izan. Pozik nago etortzeaz eta nire sasoi fisiko eta mentala berreskuratzeaz”, dio.
“Bihotzeko errehabilitazioa ez da soilik gimnasio bat”, nabarmentzen du Eduardo Alegria kardiologoak: “Errekuperazio fisikoa, mentala eta gaixoberritzeen prebentzioa lantzen dituen programa integrala da, pazienteei beren eguneroko bizitzara segurtasunez eta konfiantzaz itzultzeko aukera ematen diena”, ondorioztatzen du.