“Hotzaren eta beroaren erabilera egokiak lesio baten sendatzea bizkortu dezake”

Zaintiratuak eta kontusioak, muskulu-kontrakturak edo artrosia, lesio mota bakoitzak ikuspegi terapeutiko desberdina eskatzen du. Peio Lapitz traumatologoak hotza edo bero erabiltzea noiz komeni den azaltzen du.

Lesio baten ondoren hotza edo beroa jartzea pertsona askok ia instintiboki egiten duten keinua da, baina ba al dakigu benetan noiz dagokion bakoitzari? Zalantza hori argitzeko, Policlínica Gipuzkoako traumatologo Peio Lapitzek argi eta zuzen erantzuten du: “Hotza antiinflamatorio eta analgesiko gisa erabiltzen da, eta beroa, berriz, muskulu-lasaigarri gisa”.

“Hotzaren eta beroaren erabilera egokiak lesio baten sentatzea bizkortu dezake”, azpimarratzen du espezialistak. Hotza lesio akutuetan ematen da batez ere, hau da, gertatu berri diren lesioetan eta bat-bateko hantura edo mina sortzen dutenean. “Hantura murrizteko eta mina arintzeko aplikatzen dugu. Oso erabilgarria da zaintiratuetan, kontusioetan, bihurduretan, tendinitisean…”.

Bestalde, beroak oso bestelako eragina du. “Lesio kronikoetan eta artikulazioen zurruntasun-arazoetan erabiltzen da batez ere, artrosian. Bereziki gomendagarria da, halaber, muskulu-kontrakturetan edo tentsio metatua duten eremuetan”.

Nola erabili eta zenbat denboraz

Peio Lapitzek azaltzen duenez, lesioa gertatu eta lehen 48 orduetan aplikatu behar da hotza. “Egokiena bi edo hiru ordutik behin aplikatzea da, 15 edo 20 minutuz. Eta oso garrantzitsua den zerbait: inoiz ez zuzenean larruazalaren gainean. Beti oihal bat erabili behar da hotz-erredurak edo izozteak saihesteko”. 

“Beroa gomendatzen da jada hantura akuturik ez dagoenean, eta helburua muskulatura erlaxatzea edo artikulazio zurrunetako mugikortasuna hobetzea da”, adierazten du traumatologoak. Kasu horretan, aplikazioa ere kontrolatu behar da: “Ez da luzaroegi erabili behar, eta eremuaren sentikortasuna zaindu behar da”. 

Kontuan hartu beharreko kontraindikazioak

Hotza eta beroa lesio bat sendatzeko aliatu handiak izan daitezkeen arren, egoera batzuetan ez dira aplikatu behar. “Ez dugu inoiz hotzik edo berorik erabili behar sentikortasun-alterazioak dituzten eremuetan, hala nola neuropatia diabetikoa edo nerbio-lesio periferikoak dituztenetan, erredurak eragin baititzakete pazientea konturatu gabe”, ohartarazten du Lapitzek.

Hotza ere kontraindikatuta dago arazo baskularrak dituzten pazienteetan, hala nola Raynaud sindromea, sintomak larriagotu baititzake. Eta beroari dagokionez, ez da aplikatu behar odoljarioak edo hematoma berriak badaude; izan ere, hodi-zabalkuntza eragiten duenez, litekeena da inguruan odol-metaketa areagotzea. “Hala ere, kasu horietan hotza egokia da”, argitu du. Zauri irekiei edo infekzio-guneei ere ez zaie ez hotzik ez berorik eman behar.

Aplikazio egoki batek bizkortu egiten du berreskurapena

Lesio motaren eta haren bilakaeraren unearen arabera hotza edo beroa behar bezala emateak eragin nabarmena izan dezake errekuperazioan. “Hotzak metabolismoa eta hantura lokala murrizten ditu, eta, ondorioz, lesio ez hain larri batetik abiatzen gara. Eta beroak, bigarren fase batean, baskularizazioa areagotzen du eta substantzia birsortzaileak ehunetara iristen laguntzen du. Horrek guztiak bizkorrago suspertzen laguntzen du”, dio Lapitzek. 

Bada kontraste-terapia gisa ezagutzen den teknika bat, hotz eta bero-aplikazioak txandakatzean datzana. “Hantura kronikoetan edo artikulazioetako lesio batzuetan erabiltzen dugu, zirkulazioa aktibatzeko eta likidoak birxurgatzen laguntzeko”, adierazten du.