“Eguzkia da udako protagonista nagusia eta haren kalteetatik eraginkortasunez babestu behar dugu”
Azala zaintzeko aholkuak Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgelan EibarrenEibar, ekainak 17.- Datorren asteazkenean, ekainak 18, Eibarko Portalea Kultur Etxean dermatologiari buruzko Osasun Ikasgela izango dugu. Susana Gomez doktoreak zuzenduko du saioa, eta “Zure larruazalaren zainketaren inguruan jakin beharreko guztia. Larruazala eguzkiaren aurrean babestea, dermatosiaren prebentzioa eta zahartzearen aurkako tratamenduak” dauka izenburutzat. Sarrera askea izango da edukiera bete arte.
Azala organo bizia da, aktiboa, eta etengabean aldatzen ari da. Ingurugirotik babesten gaitu, eta gure inguruarekin erlazionatu. Elikadura-ohitura txarrek, alkoholak, tabakoak, atseden faltak, erradiazio ultramoreak… erradikal askeak eragiten dituzte, eta azken horiek organoak narriatuz doaz bizitzan zehar, eta organo horien artean, azala ere bai.
“Eguzkia da udako protagonista nagusia, eta haren kalteetatik behar bezala babestu behar dugu. Denok ezagutzen ditugun fotobabesleez gain, eguzkitako betaurrekoak, txanoak, kapelak eta arropa egokia erabili behar ditugu” azaldu du Susana Gomez dermatologoak. Eguerdian eguzkitan egotea ekidin behar dugu, eta oso garrantzitsua da aire zabalean gauden lehenengo aldietan gehiago zaintzea, hondartzara nahiz landa-guneetara joan.
Gomez doktoreak ziurtatzen du “fotobabesleak gaixoaren fototipoaren, dagoen lekuaren eta egin beharreko jardueraren arabera aukeratu behar direla, baina orokorrean babes altua (30etik gora) eta espektro zabala dituzten iragazkiak izan beharko luketela. Ez dugu ahaztu behar neguan ere erradiazio ultramorea jasaten dugula, eta, urtaro horretan ere, egunero erabili behar ditugu fotobabesleak. Babes-indizea altuagoa izango da neguko kirolak egiten direnean, batik bat eskiatzean”.
Hitzaldian zehar, dermatologiako espezialistak aurpegia zahartzea prebenitzeko azken aurrerapenak aurkeztuko ditu. “Toxina botulinikoa azken urteetako iraultzarik handiena izan da estetikaren hobekuntzan, eta hedatzen jarraitzen du. Azido hialuronikoarekin konbinatuta, zahartzearen kontrako tratamendurik onena da, behar bezala eman eta zuzen baliatuz gero”, adierazi du Gomez doktoreak. Haren hitzetan, “gehienek lifting kirurgikoa aukeratzen dute, halere, eta kirurgiaren bidez, aurpegiaren hiru aldeak, bekokia, aurpegiaren erdialdea (masailak) eta alde zerbikala (lepoa) gaztetzen dira”.
Azal gazteei dagokienez, hainbat zaintza kosmetiko daude azala osasuntsu mantentzeko eta lehen zimurrak prebenitzeko; baina komenigarriena da fotobabesleak maiztasunez erabiltzea, argiak zahartzean duen eragina orekatzeko. Horrez gain, printzipio aktibo gisa erretinoideak eta/edo C bitamina purua duten produktu kosmetikoak erabili behar dira, gazteagotzeko.