“Hipoakusia duten gaixoen % 70ek ez diete tratamenduen azken aurrerapenei probetxu ateratzen”
Aurrerapenak bertigoaren eta gortasunaren tratamenduan Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgeletan
Donostian, 2014ko otsailaren 26an.- Xabier Altuna eta Carlos Saga Poliklinika Gipuzkoako otorrinolaringologoek, bihar (osteguna, otsailak 27), arratsaldeko 19:30ean Andia Kaleko Kutxa Aretoan hitzaldia emango dute, bertigoaren eta hipoakusiaren tratamenduan izandako azken aurrerapenei buruz, Osasun Ikasgelen Zikloaren barruan. Beti bezala, konferentziarako sarrera askea izango da edukiera bete arte.
Barne-belarriaren patologiak dira banakoen giza dimentsioari gehien eragiten dietenak, komunikatzeko gaitasunean efektu zuzena daukatelako. Kalkulatzen da 3 milioi espainiar baino gehiagok entzumen-galera duela. Gehienak adineko pertsonak diren arren, talderik ahulena jaioberriak dira. 1.000 haurtxotik bost entzumen-arazoekin jaiotzen dira.
Gortasunaren tratamenduan aurrerapen handiak egon dira: kirurgiatik eta audiofonoetatik hasita, entzumen-inplanteetara. Hala ere, “hipoakusia duten gaixoen % 70ek ez diete probetxu ateratzen tratamenduetan izandako azken aurrerapenei” ziurtatzen du Xabier Altuna otorrinolaringologoak, aditu nagusietako bat inplante koklearretan. Euskal Autonomia Erkidegoan, Poliklinika Gipuzkoa da teknika hori eskaintzen duen ospitale pribatu bakarra.
Xabier Altunaren arabera, “kirurgian aurrerapenak egin dira gortasunaren tratamenduan, batez ere belarrian txerta daitezkeen gailuei dagokienez, mota guztietako gortasunei irtenbidea ematen laguntzen dutelako, gortasun arinetatik larrietara, eta adin-talde guztietan jar daitezkeelako”.
Bereziki garrantzitsua da gailu horiek gortasun akutua duten jaioberriei txertatzea, haurtxo horientzat hizkuntzaren garapena arazoa izan daitekeelako lehen bizitza-urteetan. Inplante koklearrekin, haurra normaltasunez gara daiteke, gure herrialdean tratatutako ehunka kasutan ikusi den bezala.
Bertigoa eta oreka-arazoak
Bertigoa eta oreka-arazoak izango dira hurrengo Osasun Ikasgelan tratatuko diren beste patologiak. Bertigoa ohiko gaitza da herritarren artean, eta eragin handia dauka gaixoen bizi-kalitatean. 10 gaixotatik lauk bertigo-episodioren bat izango dute bizitzan zehar. Zehazki, oreka-arazoek adineko pertsonetan dute eraginik handiena, oreka-sistema naturalki narriatuz baitoa, eta, ondorioz, pertsonak gutxiago mugitzen hasten dira edo gehiegizko prebentzio-neurriak hartzen dituzte.
Carlos Saga otorrinolaringologoaren hitzetan, “Poliklinika Gipuzkoan zorroztasun handiko azpiegiturak ditugu bertigoarekin eta orekarekin lotutako gaitzak diagnostikatu eta tratatzeko. Gaixoaren erantzuna neur dezakegu, haren mugimenduak aztertuta. Horretarako, gaixoak plataforma baten gainean oinak jarri eta ikuseremuan aldaketak eragiten ditugu, mugimenduari erantzuteko modua diagnostikatzeko”.
Posiziozko bertigo paroxistikoa tratatzeko, Saga doktorearen kontsultan hainbat maniobra erabiltzen dira (Epley, Semont, Barbecue…), eta emaitza bikainak dituzte gaixoarentzat epe oso laburrean.
Oreka-arazoen kasuan, tratamenduaren azken aurrerapenek bestibuluaren errehabilitazioa dute ardatz. “Orekan espezializatutako errehabilitazio-unitate bat daukagu, gaixoak ordenagailu bidezko posturografia dinamikoa eta zoruan egindako ariketak konbinatzen dituzten saioetan gidatzeko, helburua izanik haien jarrera eta mugitzean duten erantzuna normalizatzea, eta, hala, berriz ere segurtasunez ibil daitezen lortzea” azaldu du Saga doktoreak.