Berrehun ibiltari baino gehiagok parte hartu dute Poliklinikaren Ibilaldi Bihotz Osasungarrietan
Pertsona batzuk probintziako beste herri batzuetatik datoz Donostiako ibilaldietan parte hartzeko eta ekimenagatik zorionak ematen dituzte
Ekainaren 27an hasi ziren Poliklinika Gipuzkoaren Ibilaldi Bihotz Osasungarriak. Eta egin zen lehen ibilbidea Kontxa pasealekua zeharkatuz Haizearen Orrazira iristen dena izan zen. “Arrakasta handia izan zuen, 40 pertsona inguru hurbildu ziren” dio Idoia San Emeteriok, asteazkenero jarduera zuzentzen duen Poliklinikako fisioterapeutak.
Orduz geroztik berrehun ibiltari baino gehiagok parte hartu dute asteazkenero goizeko 09:00etan Donostiako Sorospen Etxetik ateratzen den ekimen horretan. Aurretik, nahi dutenek tentsioa neur dezakete zentroan, edota fisioterapeutari sortu zaien edozein zalantza galdetu.
Idoia San Emeterioren ustetan “ibiltariek erritmo desberdinak daramatzate eta elkar errespetatzen dute. Oso pozik daude, eta asteazkenero 20 eta 30 pertsona bitartean biltzen gara gutxienez”.
Eduardo Alegría Poliklinika Gipuzkoako kardiologoaren hitzen arabera “egokiena da ariketa egunero egitea, baina ezinezkoa den kasuetan, astean hiru edo lau aldiz ariketa egitea gomendatzen dugu. Aire zabalean egiten bada, askoz hobeto”. Eduardo Alegríak ariketa egiteko gomendioa egiten die ”adineko pertsona guztiei, bihotz-arazoren bat izan badute edo ez.
Halakorik jasan dutenei hobera egiten eta etorkizuneko arazoak prebenitzen lagunduko die, eta gainerakoentzat ere gomendagarria da, ariketa egitea bihotz-konplikazioak prebenitzeko mekanismorik ahaltsuenetako bat baita”.
Ariketa egiteko mugak Ariketa mota eta -denborari dagokienez, Alegría doktoreak honakoa dio: “biztanleria osoarentzat gomendatzen dena da gutxienez 45 edo 50 minutuz ariketa egitea, baina hori bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera alda daiteke. Ez dugu gauza bera gomendatzen jende osasuntsuarentzat edo interbentzioren bat izan duen jendearentzat. Abiadura desberdina eraman behar da adinaren, gaitasun funtzionalaren edo aldez aurreko entrenamenduaren arabera. Pertsona bat abiadura egokian doanean, eroso sentitu beharko litzateke, ahalegina egin behar badu ere, eta hizketan ari denean (nahiz eta guk ez dugun inola ere gomendatzen), hitz egitea pixka bat kostatu beharko litzaioke”.