Ospitaleko eremu bat da ZIU; bertan, osasun-egoera larrian dauden edo dituzten arazoengatik berehala esku-hartzea beharrezko duten, eta, aldi berean, gaixotasun itzulgarria dutelako senda daitezkeen gaixoei ematen diegu arreta.
Gaixo horiek etengabeko zainketak behar dituzte jasan ditzaketen gertakari larriak azkar detektatzeko, eta, hainbatetan, euskarri teknologikoa ere behar izaten dute bizi-organoak mantentzeko, bihotza eta birikak esaterako.
Horretarako, agian goi-teknologiako tresnak behar dira, arnasgailu artifizialak edo bizi-konstanteak (bihotz-eta arnas maiztasuna, tentsio arteriala, tenperatura, etab.) zehazteko sistemak esaterako.
Bisitei buruzko informazioa
Senideen laguntza oso garrantzitsua da gaixoa senda dadin. Gaixoari mezu positiboen bitartez lagun diezaiokete.
Zalantzarik baduzu, galdetu ZIUko langileei zer egin dezakezun gaixoari sendatzen laguntzeko, nola komunika zaitezkeen harekin hitz egiteko edo ulertzeko zailtasunak baditu, etab. Gurekin hitz egin ezazu.
Gogoratu gure taldearen xedea zuenaren berdina dela.
Arren eskatzen dizuegu bisiten ordutegia errespeta dezazuela gaixo guztien arreta errazte aldera. Dena dela, profesional bat gaixoa artatzen ari bada edo prozeduraren bat burutzen ari badira, ordutegia alda daiteke.
Bisita arrazoi horiengatik atzeratzen bada, egonaldia luzatu ahal izango da.
Gaixoari ZIUn alta eman behar bazaio beste Ospitalizazio Unitate batera edo beste ospitale batera lekualdatu behar delako, beharrezko informazio guztia emango dizuegu zuek emandako telefono-zenbakiaren bidez.
Gaixoei nork ematen die arreta ZIUn?
Prestakuntza handiko talde batek ematen dio arreta gaixoari. Talde horrek barne hartzen ditu medikuntza intentsiboko mediku espezialistak, erizaintzako langileak eta klinika-laguntzaileak, eta bezeroari laguntzeko prest daude eguneko 24 ordutan.
Gaixoa eta ZIUn egonaldia
Gaixoa ospitalean egon bitartean, haren ingurunean zenbait tresna daudela ikusiko duzu, haren zainketarako eta/edo tratamendurako. Monitoreek bizi-konstanteak etengabe zehazten dituzte. Horretarako, gaixoari kable edo elektrodo batzuk jartzen zaizkio, eta pantaila edo monitore batekin konektatzen duen titare antzeko bat ere bai. ZIUko langileek berehala antzeman dezakete edozein asaldura, zuzeneko eta urruneko bistaratze edo soinu baten bidez. Soinu-alarmek intzidentzia garrantzitsuekin zerikusia duten aldaketak detektatzeaz gainera, garrantzirik gabeko gaixoaren mugimenduak eta sistemaren deskonexioak detektatzen dituzte.
Askotan gaixoek arnasgailu artifizial batekin ordezkatu behar dute arnas funtzioa. Gaixoa arnasgailuari konektatuta dago ahotik trakearaino sartutako hodi baten bitartez, edo, batzuetan, maskara baten bidez. Tresna horiek arnas funtzioa osorik edo partzialki ordeztea ahalbidetzen dute, gaixoaren beharren arabera.
Orokorrean, gehienezko euskarria ematen denean, ikusiko duzu gaixoa lo dagoela. Lasaigarri farmakologiko itzulgarria da; hau da, botikek eragiten duten konorterik gabeko egoera bat, gaixoa egoera horretara hobeto egokitzeko.
Egoera hobetzen den heinean, gaixoa arnasa hartzen hasten da, eta lasaigarria murrizten doa kentzeraino, berez arnasa har dezakeen arte. Halaber, botika infusio-tresnen bidez ematen da, dagozkien alarmekin. Sistema guztiek ahalbidetzen dute gaixoari zainketa eta kontrol zehatza egitea.
Gaixoa beste zerbitzu batera lekualdatu behar denean zenbait proba egin diezazkioten, medikuak informazioa emango dizue.
Garrantzitsua da telefonoa itzalita edukitzea bisitak iraun bitartean.
Senideentzako informazioa
Egunero, eguerdiko 12:00etatik aurrera, zuen mediku arduradunak informazioa emango dizue gaixoaren eboluzio klinikoari buruz. Jaiegunetan ZIUko guardiako medikuak emango dizue informazio hori.
Talde-lana egiten dugu, eta, beraz, beti adosten dugu informazioa. Dena dela, zalantzarik baduzue, galde diezagukezue.
Prozedura bereziren bat egin beharko balitz, hala nola ebakuntza kirurgikoak edo proba zehatzak, gaixoak edo haren legezko ordezkariak Baimen Informatua sinatu beharko du. Prozedura hori gaixoaren eskubideak defendatzeko egiten da, eta ezer erabaki baino lehen informazioa ulertu duela bermatzen du. Hortaz, argibiderik behar baduzue, eska iezaguzue.
Informazioa beti da konfidentziala; horregatik, telefonoz deitzen diguzuenean informazio gutxi ematen dizuegu, gaixoaren onerako.
Gaixoak Aurretiko Jarraibideen edo Nahien dokumenturik badu edo arretari buruz aspektu zehatzen bat jasota utzi nahi badu, jakinarazi zuen medikuari, erizainari edo ZIUko arduradunari.
Gomendatzen dizuegu etxera joan zaiteztela atseden hartzera, kontrakorik esaten ez badizuegu behinik behin.