Poliklinika Gipuzkoa aitzindaria da bizkarrezurreko kirurgia endoskopikoa eskaintzen
Bizkarrezurreko gaitzak dira helduek osasun-arreta behar izatearen arrazoi nagusia. Kirurgia endoskopikoa disko-herniak eta gerri-kanaleko estenosia tratatzeko erabiltzen da. Ebakuntza ez-erasokor baten ostean, gaixoak 24 ordutan jasotzen du alta, tradiziozko kirurgian ez bezala, azken horretan egunak behar baitira.
Gaur goizean, Poliklinika Gipuzkoak bizkarrezurreko kirurgia endoskopikorako zerbitzu berria aurkeztu du. Alberto Marques traumatologoak zuzentzen du, gure herrialdean kirurgia ez-erasokor hori egiten duen espezialista gutxietako bat. Kirurgia mota hau zenbait patologia tratatzeko egokia da, hala nola disko-herniak eta gerri-kanaleko estenosia.
Bizkarrezurreko gaitzak dira helduek osasun-arreta behar izatearen arrazoi nagusia, eta kalkulatzen da pertsonen % 80 eta % 90 artean bizkarreko mina izango dutela euren bizitzako uneren batean. Patologia ugarien artean, disko-hernia da ohikoenetako bat eta baita mingarrienetako bat ere.
Alberto Marques doktoreak azaldu duenez:
disko-herniaren kasuan, endoskopiaren helburua da nerbio-egiturak askatzea, ehunei eragindako kaltea, odol-ateratzea, kirurgia ondoko mina eta ospitaleratze-denbora murriztuz, eta aldi berean, bizkarrezurra ezegonkortu dadin ekidin nahi da, giharrak eta ornoen inguruko lotailuak errespetatuz.
Gerri-kanala hertsatzeak esan nahi du bizkar-muinaren kanala estutu egiten dela bizkarraren behealdean, eta horrek bizkar-muinari eta nerbioei presioa egiten die. Nahiz eta gaixo batzuek patologia horrekin jaiotzen diren, gerri-kanaleko hertsaduraren kasu gehienak 50 urtetik gorako pertsonetan gertatzen dira, eta zahartzearen eta bizkarra narriatzearen ondorio dira.
Alberto Marquesek adierazi du “kirurgia tradizionalarekin edo irekiarekin ez bezala, endoskopiarekin bizkarra egonkor mantentzea lortzen dela, bizkarrezurraren atzeko partea ez delako ukitzen. Leiho txikien bidez sartzen gara hertsadurara, eta horrek aukera ematen digu konpresioa arintzeko, bizkarra ezegonkortu gabe”. Ebakuntzaren ondoren, “gaixoak egunean bertan altxa daitezke ohetik, eta operatu eta 24 orduren buruan, etxean daude berriz”, ziurtatu Alberto Marquesek.
Bizkarrezurra gorputz-atal zaurgarria da, etengabean ahaleginak, jarrera txarrak, traumatismoak, etab. jasaten dituelako. Bizitza sedentarioak zaurgarritasun hori areagotzen du, eta horrek disko-patologia eta gerri-arazo mingarri asko sor ditzake.
Kirurgia endoskopikoaren abantailak
Kirurgia endoskopikoa kirurgiaren erikortasuna eta operatu ondoko arazoak murrizten saiatzen da, prozeduraren eraginkortasuna eta segurtasuna mantenduz. Hainbat abantaila eskaintzen ditu, ohiko kirurgiaren aldean: gihar-ehunen traumatismoa txikitzea ebaki txikiagoa eginez; infekzioen tasa murriztea; kirurgia ondoko mina arintzea, eta, beraz, analgesiko gutxiago behar izatea; operatu ostean egunerokora eta lanera goiz itzuli ahal izatea; eta itxura estetiko hobea, orbana 1,5-2 zentimetrokoa baita.