Azterketa kardiobaskularra
Azterketa kardiobaskularra: diagnostikorako frogarik onena
Bihotzaren eremuan erreferentziazko zentro den aldetik, Poliklinika Gipuzkoak ordu gutxitan azterketa kardiobaskular osoa egiteko aukera eskaintzen du, puntako teknologia aplikatuz, 64 lagineko OTA kasu, azterketa kardiologikoetarako zehazki diseinatua. Azterketak honako hauek biltzen ditu:
- Kontsulta kardiologoarekin lehen balorazio bat egiteko
- Odol- eta gernu-analisi osatuak
- Toraxaren erradiologia
- Elektrokardiograma atsedenean
- Ekokardiograma
- Esfortzu-proba
- OTA (eskanerra) 64 ebakidura: koronarioen azterketa, store kaltzioa, etab.
Azterketa
Azterketak lehen baloraziorako kontsulta barne hartzen du, Poliklinika Gipuzkoako Unitate Kardiobaskularreko kardiologoetako batek egina. Gainera, odol- eta gernu-azterketa osoa egiten da, eta toraxaren erradiologia ere bai. Azterketa horretan bertan, adituek gaixoari elektrokardiograma atsedenean, ekokardiograma eta esfortzu-proba egiten dizkiote. Azterketa 64 lagineko OTA (eskanerra) batekin amaitzen da.
Elektrokardiograma
Elektrokardiograma, Espainiako Bihotzaren Fundazioak definitzen duen bezala, proba erraza da, ez dio minik eragiten gaixoari, eta ez dauka inolako arriskurik. Proba erraza da, eta bihotzaren taupada bakoitzean sortzen den bihotz-jarduera elektrikoa erregistratzen du. Jarduera elektriko hori gaixoaren gorputz-azaletik erregistratzen da, eta paper batean haren irudikapen grafikoa edo trazadura marrazten da, aurikulen eta bentrikuluen estimulu elektrikoak islatzen dituzten uhinak antzeman daitezkeelarik. Elektrokardiogramak neurtzen ditu taupaden erritmoa eta erregulartasuna, aurikulen eta bentrikuluen tamaina, bihotzak izan ditzakeen kalteak eta medikamentu edo gailu zehatzek (taupada-markagailua, adibidez) eragin diezazkioketen ondorioak. Elektrokardiograma egiteko, gaixoari azalean konektatzen zaizkio elektrokardiografoko kableak, orkatiletan, eskumuturretan eta bularrean itsasgarriak edo bentosak (elektrodoak) jarrita.
Ekokardiograma
Poliklinika Gipuzkoako azterketa kardiobaskularraren barnean egiten den funtsezko diagnosi-probetako bat da ekokardiograma, bihotz-mugimenduaren irudia ematen digulako. Ultrasoinuen bitartez, ekokardiografiak bihotzaren itxura, tamaina, funtzioa, indarra, mugimenduak eta hormen lodiera erakusten dizkigu, eta balbulen funtzionamendua ere bai. Gainera, biriken zirkulazioari eta presioei buruzko informazioa eman diezaguke, eta baita aortaren hasierako zatiari buruz ere Halaber, bihotzaren inguruan likidorik dagoen esan diezaguke (isuri perikardikoa). Horretarako, gaixoari gel eroale bat jartzen zaio bularrean, edo transduktorean zuzenean (gailu horri esker bihotzaren irudiak har daitezke). Kardiologoak transduktorea gaixoaren bularretik mugitzen du, eta hainbat irudi lortzen ditu, 15 eta 30 minutu bitartean irauten dituen proba honetan.
OTA
Diagnosi-metodo berritzailea da OTA, eta ahalbidetzen du arteria koronarioen egoera xehetasunez eta modu ez-erasokorrean baloratzea. Teknika honen bitartez, arteria koronarioak ikusi eta lesioak antzeman daitezke. Hortaz, diagnostikoa egiten laguntzen duen koronariografia ez-erasokor bat da, arteria koronarioen buxadurak tratatzeko aukera ematen ez badu ere. Probak ez du ospitalizaziorik behar, eta gaixotasun koronarioa baztertzeko baliagarria da, gaixotasun koronarioa edukitzeko probabilitate baxua edo ertaina daukaten eta koronarioen OTAn emaitza normala daukaten gaixoen kasuan.