Susana Gonzalez, psikologoa: “Atleta ona izatea ez da soilik sasoi fisikoaren araberakoa, alderdi psikologikoak ere funtsezkoak baitira probetan arrakasta edukitzeko”
“Entrenamenduetako eta probetako errendimendua hobe daiteke ondo planifikatutako eta kirol-psikologo batek ebaluatutako entrenamendu psikologiko bat edukiz gero”, azaldu du Susana Gonzalezek, Poliklinika Gipuzkoako psikologoak. “Kirol-ekitaldi horiek sortzen duten antsietatea eta estresa kontrolatzeak, kontzentratzeko gai izateak, norberarenganako konfiantzak eta motibazioak erresistentzia-gaitasuna handitzen dute, eta lasterketan gerta daitezkeen zailtasunei hobeto aurre egiten lagundu. Gaitasun horiek abantaila bat dira emozioei gehiago jarraitzen dieten beste atleta batzuen aldean”, argitzen du Susana Gonzalezek. Egiaztatuta dago ondo planifikatutako eta kirol-psikologo batek ebaluatutako entrenamendu psikologiko bat eramateak entrenamenduetako eta probetako errendimendua hobetzen lagun dezakeela.
Helmugara iristeko gehienez lau ordu eta erdi eta 42 kilometroko ibilbidea aurrean dituztelarik, 3.000 gizon-emakume ausartek Donostiako Maratoiaren erronkari aurpegi emango diote. Kirol-ekitaldi honetan, gaitasun fisikoez gain, burua ere garrantzitsua da. Izan ere, Poliklinika Gipuzkoako Susana Gonzalez psikologoaren arabera, “maratoi bat egiteko, diziplina fisikoa behar da, egin daitezkeen lehiaketarik gogorrenetakoa bat baita, erronka fisikoarengatik, iraupenarengatik, etab. Entrenamendu egokirik gabe, esperientzia honek lesio larria eragin dezake; baina buru-gaitasunek ere rol nabarmena daukate lasterketa arrakastaz amaitzeko eta kirol-esperientzia pozgarriagoa izateko”.
Maratoiko korrikalari askok adierazi dute alderdi psikologikoa garrantzitsua dela lasterketa amaitzeko, marka on bat egiteko edo probarako sasoi onean egotea ahalbidetuko dizuten entrenamendu gogor horiek burutzeko. “Kontuan hartu behar dugu atleta horiek pentsatzeko denbora ugari dutela entrenatzean eta proba egiten ari direnean, bi eta lau ordu bitartean baino gehiago, eta entrenamenduetako edo lehiaketa-eguneko egoera mentalak eragina izango du probaren emaitzan eta lasterketan zehar bizitako emozioetan” adierazi du psikologoak.
Askok ibilbidean zehar energia fisikoa kudeatzeko estrategiak prestatzen dituzte. Aitzitik, Susana Gonzalezen ustez, “kirol-psikologia ere funtsezkoa da, kirolariei motibazioa, kontzentrazioa, norberarenganako konfiantza, estresari aurre egiteko gaitasuna… bezalako estrategiak ematen dizkielako”. Buru-gaitasun horiek, gaitasun fisikoak bezala, entrena daitezke. Espezialistaren hitzetan, “gorputza entrenatzen den heinean burua entrenatzeak kirol-aukerak hobetuko ditu”. Egiaztatuta dago ondo planifikatutako eta kirol-psikologo batek ebaluatutako entrenamendu psikologiko bat edukitzeak entrenamenduetako eta probetako errendimendua hobetzen lagun dezakeela.
Susana Gonzalezen iritziz, “kontzentrazioa, kirol-ekitaldi hauek sortzen duten estresa eta antsietatea kontrolatzea, noberarenganako konfiantza eta motibazioa bezalako gaitasunek erresistentzia areagotu, gure buruaz dugun irudia hobetu eta lasterketan zehar gerta daitezkeen zailtasunei hobeto aurre egiten laguntzen dute. Gainera, abantaila bat ere badira emozioei gehiago jarraitzen dieten beste atleta batzuen aldean”.
Era berean, psikologoak zenbait jarraibide ematen ditu etsipena eta ‘amore ematen dut’ bezalako pentsamenduak ekiditeko: “hasteko, helburu errealistak eduki behar ditugu, eta zer punturaino hel gaitezkeen zehaztu, gure gaitasun fisikoak eta mentalak aztertuta. Gero, funtsezkoa da kontzentrazioa mantentzea, konfiantzaz lehiatzea eta gerta daitezkeen zailtasunei aurrea hartzea. Eta, azkenik, aktibazio-maila kontrolatzeko estrategiak erabili behar dira (arnasketa eta erlaxazioa, esaterako), pentsamendu negatiboak kontrolatu, erronka buruan irudikatu eta norberaren buruari modu positiboan hitz egin”.