Gipuzkoako Merkataritza Federazioak bere bazkideentzako eskaintza handitu du osasunerako “Premium” hitzarmen batekin
Gipuzkoako Merkataritza Federazioak (GMF), Gipuzkoako 1.500 saltoki inguru biltzen dituen elkarteak, eta Quirónsaludek osasun-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur. Gipuzkoan, Quirónsalud taldearenak dira Policlínica Gipuzkoa, lurraldeko ospitale pribatu handiena, eta Egiako Hospital Quirónsalud Donostia kontsulta-zentroa.
Hitzarmenaren bidez, osasun-zerbitzuen erabilera erraztu nahi zaie merkatari bazkideei, dokumentazioen, erreserben eta asistentzia-hitzorduen izapideak errazteko norbait izan dezaten.
Isidoro Beltrán de Herediak, Quirónsaluden Euskadirako zuzendari komertzialak, esan duenez: “lehentasunezko zerbitzua izango dute edozein zerbitzu kontratatzeko garaian, eta aholkularitza pertsonala COVID protokoloarekin lotutako guztian: testak, analisi klinikoak eta proba diagnostikoak, baita COVID osteko osasun-azterketak ere. Gipuzkoako merkatarientzako berezko kanala haien langile, ezkontide eta seme-alabek ere erabil dezakete”.
Hitzarmenari esker, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko bazkideek, langileek eta lehen mailako ahaideek Premium zerbitzu eta tratamenduen zorroa erabili ahal izango dute, oso baldintza abantailatsuetan eta beren osasuna eta ahaideena zaintzeko ospitale-talde liderra izateak ematen duen konfiantzarekin.
Hitzarmena sinatuta, Gipuzkoako Merkataritza Federazioak bere estrategia indartu du; hau da, gure probintziako beste lider batzuekin sinergiak ezartzea, sektorearentzat interesgarriak diren eremuetan hitzarmen puntualak sinatuz, bazkideek abantaila gehigarriz gozatu ahal izan dezaten.
Julen Maizek, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren presidenteak, honela azaldu du: “gure merkatariek erabilgarri izango duten zerbitzu-zorro zabaletik, bazkideek COVIDa detektatzeko analitika egiteko aukera izango dutela nabarmendu nahi dugu, bizi dugun garaia dela eta”.
Merkatariak oso ongi ari gara gauzak egiten. Azken egunetako agerraldi berrietatik, bat ere ez da denda batean gertatu. Ezarritako protokoloak errespetatu, eta gure saltokietan segurtasuna eta higienea bermatzen ditugu, gure bezeroak erabat seguru senti daitezen erosketak egitean. Eta orain, testa tarifa berezietan egiteko aukera izateak neurri horiek indartuko ditu”.
Test horiez gain, baldintza abantailatsuetan (deskontuekin) lortu ahal izango dituzte tratamendu pribatuak, kontsultak, proba erradiodiagnostikoak, osasun-azterketak eta ginekologia eta urologia arloko pack esklusiboak.
Gipuzkoako Merkataritza Federazioari buruz
Merkataritza Federazioak 1.500 saltoki ordezkatzen ditu ia, 20 gremio-elkartetan eta zonako 4 elkartetan banatuta.
Merkataritza arloko patronal gisa, txikizkako merkataritzaren interesak defendatzea da Federazioaren helburu nagusia.
Guztira 88 urteko ibilbidea du egina, eta Gipuzkoako merkataritza-eredu berritzailea sustatzeko aritzen da lanean.
Merkataritzan aditua den lantalde bat du, Federazioak bere bazkideei eskainitako alor eta zerbitzu guztietan lanean: saltokientzako osoko zerbitzua, kudeaketa, prestakuntza, teknologia berriak, ekintzailetza, sustapen-ekintzak, proiektu estrategikoak, hala nola Singular Dendak, eta beste.
Hori guztia indartzeko, etengabeko solasa du erakundeekin eta hainbat organismotan parte hartzen du.
Quirónsalud taldeari buruz
Quirónsalud Espainiako ospitale-talde handiena eta Europako hirugarrena da. Guztira 35.000 langile baino gehiago ditu, 120 osasun-zentrotan baino gehiagotan; horien artean 45 ospitale daude, 6.800 ospitale-ohe eskaintzen dituztenak. Teknologia aurreratuena du, eta espezializazio eta nazioarteko prestigio handiko profesional talde bikaina. Besteak beste, zentro hauek ditu Quirónsaludek: Médico Teknon, Ruber Internacional, Hospital Universitario Quirónsalud Madrid, Fundación Jiménez Díaz, Hospital Quirónsalud Barcelona, Hospital Universitario Dexeus, Policlínica Gipuzkoa, etab.
Taldea irakaskuntza eta ikerketa mediko-zientifikoa sustatzeko lanean aritzen da: bere ospitaletatik zortzi unibertsitate-ospitaleak dira, eta Ikerketa Sanitarioko FJD Institutua hartzen du barnean; hau da, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritzak ziurtatutako ikerketa-zentro pribatu bakarra.
Era berean, bere asistentzia-zerbitzua zeharkako unitate eta sareetan antolatuta dago. Hori horrela, zentroetan metatutako esperientzia optimizatu, eta ikerketak klinikaren arlora eraman daitezke. Egun, Quirónsalud 1.600 ikerketa-proiektu baino gehiago ari da garatzen Espainia osoan, eta taldeko zentro askok puntako lana egiten dute alor horretan, hainbat espezialitatetan aitzindari izanik: besteak beste, onkologia, kardiologia, endokrinologia, ginekologia eta neurologian.