Umetokiko mioma baten lehen enbolizazioa egin dute Gipuzkoan
Francisco Loyola eta Iñaki Prieto doktoreek, Policlínica Gipuzkoako erradiologo interbentzionistek, lehen aldiz Gipuzkoan umetokiko mioma baten enbolizazioa egin dute hilekoan odoljario handiak zituen paziente bati.
Miriam Mierak 48 urte ditu, eta haren ginekologoak histerektomia egiteko aukera eman zion; umetokia erauztean datzan kirurgia, baina “kirurgia handia da eta odoljarioa eragiteko arriskua du”, Fran Loyolaren esanetan. Miriam Mierak, kirurgiaren tamaina ikusita, beste aukerarik ba ote zegoen baloratu nahi izan zuen. “Hamar urte baino gehiago daramatzat miomarekin -azaldu digunez-, odoljario handiekin hasi nintzen, koagulu askorekin eta ginekologoek hasiera batean eskaini zidaten tratamendua DIU hormonal bat jartzea izan zen, eta nahiko ondo joan zen bi urte eta erdiz, baina urtebete eta erdi neraman odoljario ugariekin, eta ezer ez egitea edo histerektomia bat egiteko aukera eskaintzen zidaten. Nahi ez nuen aukera bat zen”, adierazi du pazienteak. Beraz, beste aukera batzuk bilatu eta Iñaki Prieto eta Fran Loyola erradiologo interbentzionistekin hitz egitera joan zen: “Miomaren enbolizazioa egiteko aukerarik ba ote zegoen esan nien eta baietz esan zidaten”, gogoratu du.
Iñaki Prietok enbolizazioaren balio erantsia azpimarratu du, erradiologia interbentzionistaren bidezko umetokiko mioma kasuetan: “Orain arte Gipuzkoan mioma bat tratatzeko erabili ez den teknika bat ekarri dugu. Umetokiko miomaren enbolizazioa beste herrialde batzuetan aspalditik erabiltzen den teknika da, eta Gipuzkoan emakumeei balio erantsia eman diezaiekeela uste dugu”.
Espezialisten eta pazientearen beraren hitzetan, prozedura arrakastatsua izan da: “Bost ordu baino gutxiagoan, pazientea bere etxean zegoen, inolako minik gabe, eta astebete baino gutxiagoan bere lanpostura itzuli da”, adierazi du Iñaki Prietok. Mierak hurrengoa gehitu du: “Egun berean etxera joan nintzen eta ia lehen egunetik bizimodu normala egin ahal izan nuen”.
Iñaki Prietoren arabera, prozedura ez da esperimentala, baina “teknika anbulatorioa da, pazienteari bere bizitzara berehala bueltatzeko aukera ematen diona, oso konplikazio gutxi dituena eta oso eraginkorra dena”. “Tumore horri irrigazioa kentzen diozunean, tumorea txikitu egiten da eta pazientearen odoljarioa gelditzen da. Beraz, fluxua etetea da helburua, tumoreak iskemia izan dezan eta pixkanaka tamaina txikiagotzen joan dadin, odoljarioa eten dadin, inguruko egiturak konprimitu ez ditzan eta ez dezan sintomatologiarik eman”, azaldu du Fran Loyola erradiologo interbentzionistak. Gainera, espezialistak azpimarratu duenez, “enbolizaziotik sei hilabetera umetokia bizigai da etorkizuneko haurdunaldietarako”.
Emakumezkoen aparatu genitalaren tumore ohikoena mioma da. Orain arte, Gipuzkoan tumore onbera mota hori tratatzeko alternatiba kirurgia zen, mioma behar bezain handia bazen. Lehen aldiz, Gipuzkoan bada alternatiba bat, ia batere inbaditzailea dena, erradiologia interbentzionista erabiltzen duena eta Poliklinika Gipuzkoan egiten dena.
Francisco Loyola eta Iñaki Prieto, Policlínica Gipuzkoako erradiologo interbentzionisten elkarriketa osoa ikusi nahi badezu klikatu HEMEN.
Miriam Miera pazientearen elkarrizketa osoa ikusi nahi badezu klikatu HEMEN.