10.500 gipuzkoar ikaslek hartu dute partea autismoa identifikatzeko Gipuzkoa buru den makroazterketan
Joaquín Fuentes, haur eta gazteen psikiatriako espezialista da Policlínica Gipuzkoan eta Asdeu proiektuaren zuzendaria ere bai Gipuzkoan. Proiektu hau Europako Batzordeak sustatu du eta 3 urtez garatuko da 14 herrialdetako 22 talderekin. Bigarren fasea oraintxe hasi da.
Joaquín Fuentes, Policlínica Gipuzkoako haur eta gaztetxoen psikiatra ospetsua eta Donostiako urrezko danborra, oso gustura dago gipuzkoarrek emandako erantzunarekin Europa mailako ikerketa garrantzitsu honetan parte hartzeko eta ikastetxeei, maisu-maistrei, ikasleei eta gurasoei eskerrak eman nahi dizkie beren konpromisoagatik eta inplikazioagatik; horri esker egin ahal izan baita azterketa. Horiei guztiei esker, Gipuzkoa europar makroazterketa honen gune bihurtu da espektro autistaren nahasmenduarekin (EAN) zerikusia duten diagnostikoak, prebalentzia eta esku-hartzeak ikertzeko. Asdeu proiektua (Autism Spectrum Disorders in Europe) Europako Batzordeak sustatu du eta 3 urteko iraupena du; 14 herrialdetako 22 taldek hartu dute parte eta Gipuzkoan izan du ikerketarako laginik garrantzitsuena.
Europako 7-9 urte arteko 100.000 haur parte hartzaileetatik 10.500 gipuzkoarrak dira. Gure lurraldeko ikastetxeen %70 inguruk hartu du parte proiektuan. Guztira 125 zentro. “Harro sentitu behar dugu izandako lankidetzaz eta egindako eta egiten ari den lanaz. Izan ere, autismoaren ikerketarako azterketarik handienetako bateko oinarrizko piezak gara“, esan du Joaquín Fuentes Policlínica Gipuzkoako haur eta gaztetxoen psikiatrak eta Asdeu proiektuko aholkulariak.
Proiektuak 2,1 milioi euroko finantzazioa du eta Europako Batzordeko Osasun eta Kontsumitzaileen Zuzendaritza Nagusiak (DG-Sanco) eman ditu. Proiektu honen xedea da autismoa hobeto ezagutzea eta erantzun hobea ematea. “Autismoa zer maiztasunekin gertatzen den aztertzen da eta zer koste sozial eta ekonomiko dituen. Prebalentzia, detekzio goiztiarra, helduak (horiekin zer gertatzen den ez dakigu) eta egiten den politika”, azaldu du Joaquín Fuentesek.
“Proiektuaren bigarren fasea oraintxe hasi dugu. Zentro batzuetan hauteman dira EANen ezaugarri batzuk izan ditzaketen haurrak eta horien familiei galdesorta bat bidali zaie”, azaldu du haur-psikiatriako espezialistak.
Susmoa dugun kasuetan doako kontsulta eskaini diegu Policlínica Gipuzkoan. Hirugarren fasea udazkenean amaitzea espero da
“Gaur egun, Europan autismoaren prebalentzia biztanleriaren %1ekoa da; dena dela, badakigu gehiago dela, baina hori frogatu beharra dago. AEBetan %1,5ean daude jada. Gurasoen eta senide baten erasana da, gutxienez hiru pertsona pazienteko”, esan du.