“20 minutuko siestak aproposak dira deskonektatzeko, estresa murrizteko eta oroitzapen berriak finkatzeko”
Gurutz Linazasorok, Policlínica Gipuzkoako neurologoak, loak osasun fisiko eta emozionalean duen funtsezko papera gogorarazten du.
Egun laburrengatik markatutako urte sasoi honetan, atsedena funtsezko aliatu bihurtzen da osasunerako. Gurutz Linazasoro, Policlínica Gipuzkoako neurologoak, atsedenaren funtsezko eginkizunari buruzko hausnarketa egiten du, eta siestak gure ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko osagarri ezin hobeak izan daitezkeela nabarmentzen du.
Ondo lo egitea osasunaren funtsezko hiru zutabeetako bat da, elikadurarekin eta ariketa fisikoarekin batera. Espezialistak dio lo gaudenen bitartean garunak funtsezko funtzioak betetzen dituela, hala nola zelulak konpontzea, toxinak kentzea eta oroitzapenak sendotzea. “Loa ez da atsedena bakarrik; garuneko aktibitate handiko fasea da, eta zuzenean eragiten du gure osasun fisiko eta emozionalean”, dio.
Espainiarren %30ek baino gehiagok egunean zazpi ordu baino gutxiago egiten du lo, Neurologiako Espainiako Elkartearen (SEN) arabera. Gainera, insomnioak biztanleriaren %10 ingururi eragiten dio, eta ondorio esanguratsuak ditu osasun mentalean zein fisikoan.
Gaueko atsedena osatzeko ohitura erraz eta eraginkorrenetako bat siesta laburrak dira. Gurutz Linazasorok azpimarratu duenez, “20 minutu inguruko siesta aproposa da deskonektatzeko, estresa murrizteko eta oraintsuko memoriak sendotzeko”: “Atsedenaldi labur honek berehalako onurak dakartza, hala nola kontzentrazioa handitzea eta gogo-aldartea hobetzea”, azaltzen du neurologoak.
Hala ere, ohartarazten du denbora gehiegi pasatuz gero, siesta luzeak kaltegarriak izan daitezkeela. “Siestak gehiegi irauten badu, loaren fase sakon batean esna gaitezke, eta horrek zorabio-sentsazioa sortzen du eta errendimendua murrizten du egunaren gainerako orduetan”, azaltzen du.
Ordu-aldaketaren eragina eta nola egokitu
Ordu-aldaketek gure erritmo zirkadianoari eragiten diote, eta nekea, suminkortasuna edo produktibitate txikiagoa eragin dezakeen desoreka sortzen dute, batez ere haurrengan eta adineko pertsonengan bereziki. Gorputza egun gutxitan egokitu ohi den arren, prozesu horri pazientziaz aurre egitea gomendatzen du neurologoak, eta, beharrezkoa bada, siesta txikiak egitea aldaketaren ondorioak hobeto jasateko.
Gurutz Linazasoro, Policlínica Gipuzkoako neurologoaren iritziz, neguko ordutegia hobea da gure organismoarentzat, gaueko atsedena luzeagoa baita. Hala ere, garrantzitsuena lo-errutina erregularra mantentzea dela adierazten du.
Melatonina, gakoa atsedenaldian
Melatonina, “loaren hormona” bezala ezagutzen dena, funtsezkoa da gure esnaldi eta atseden zikloak erregulatzeko. “Iluntzen duenean, gure garuna melatonina askatzen hasten da, eta horrek seinaleak bidaltzen ditu gure gorputza lo egiteko prestatzeko. Gure lo-kalitatea hobetzeko errespetatu behar dugun mekanismo naturala da”, dio Linazasorok.
Gurutz Linazasorok gogorarazten digu atsedena funtsezkoa dela gure osasun integralerako. Gabonetako egun hauetan, loa zaintzea, baita egunero siesta labur bat egitea ere, gure gorputzarentzat eta buruarentzat oparirik onena izan daiteke.