Nola zaindu azala maskarak luzaroan erabiliz gero
Maskarak koronabirusaren aurkako babes gisa erabiltzeak larruazaleko gaitz gehiago eragiten ditu, hala nola dermatitisa edo aknea. Errealitate berri horren aurrean, Jorge Soto de Delásek, Poliklinika Gipuzkoako Dermatologia Zerbitzuko arduradunak, larruazalari hainbeste kalte ez egiteko aholkuak eman dizkigu.
Maskarak erabiltzeak bi arazo sor ditzake larruazalean. Alde batetik, aurretiko gaixotasunek okerrera egin dezakete, hala nola akneak, errosazeak edo dermatitis seborreikoak. Bigarrenik, azalean inolako arazorik ez duten pertsonei narritadurak, igurtziak, hantura edo dermatitisa eragin diezaiekete. Horrelako arazoak nabarmen murriztu daitezke maskara egokia erabiliz. “FFP2-ek birusaren hedapena babesten eta eragozten dute, baina askoz gehiago narritatzen dute azala. Osasun langileek bakarrik behar dituzte”, azaldu du Jorge Soto doktoreak. Gainerako herritarrentzat, maskara kirurgikoak edo oihalezkoak gomendatzen dira, “oihalezko maskara kirurgikoa baino okerragoa da, baina pertsona batek jasan dezakeen bakarra bada, hobe da hori erabiltzea teorikoki hobea baina deserosoa den beste baten ordez”.
Maskara egokia aukeratzeaz gain, komeni da egunero eguzkitan jartzea, 20-30 minutuz, ahal den neurrian, eguneko erdiko orduak saihestuz, eta krema hidratatzaile egokia erabiltzea larruazal mota bakoitzerako. “Hiru aholku horiekin, maskarak ezinbestean erabiltzeak sortzen dituen arazoen kopurua nabarmen murritz daiteke” esan du dermatologoak.