“Alzheimer kasuen heren bat bizitza-estilo osasungarri batekin kontrola daitezkeen faktoreekin lotuta dago”
Neurologian espezialistak gomendioak eman zituen garun osasuntsu bat edukitzeko; garunak nola funtzionatzen duen azaldu zuen, eta azpimarratu zuen bizitza-estilo aktiboa edukitzea garrantzitsua dela gure garuna estimulatzeko, beti dagoelako gauza berriak ikasten.
Eibarko hainbat bizilagun Portaleako Kultur Etxera bildu zen atzo Policlínica Gipuzkoako Parkinson Ikerkuntza zentroko neurologoa eta zuzendaria den Gurutz Linazarosok eman zuen hitzaldira: “Garuna nola mantendu sasoian Alzheimerra uxatu ahal izateko”.
Tokia beteta kartelarekin, espezialistak hitzaldiari hasiera eman zion garuna zer den eta nola funtzionatzen duen azalduz: “Garuna buru-hezurraren barruan daukagun altxor hori da, eta organo oso aldakorra da, estimuluen bidez prozesatzen du eta aldaketa guztietara egokitzen da“.
“Gure garunaren konektibotasunari esker gara giza espezierik garatuena. Esan liteke `konektatzen badut bizirik nagoela´. Segundo bakoitzean milioi konexio berri sortzen dira gure garunean. Eta, horregatik, solasaldi honetatik ez zarete aterako sartu zareten garun berberarekin”, azaldu zuen Gurutz Linazasorok.
Halaber, Neurologian espezialistak argitu nahi izan zuen besterik uste badugu ere “garunak, bai plastikotasunari (egoera ezberdinetara egokitzea ahalbidetzen digu) bai neurogenesiari (garunak neurona berriak sortzeko duen ahalmena) esker, ez duela sekula ikasteko ahalmena galtzen.
Eskura ditugun jarraibideak
“Gure esku dago gure burua zaintzea. Bizitza-estilo osasungarria da garun osasuntsua edukitzeko errezetarik onena. Hauek dira jarraibideak: gizarte-jarduera, estresa murriztea, ariketa fisikoa, dieta mediterraneoa, diabetesa bezalako gaixotasunak arrastoan sartuta edukitzea eta gomendatutako 7 orduz lo egitea, loaldi suspertzailea ezinbestekoa delako gure garuna hoztu, berrabiarazi eta oroitzapenak finkatzeko. Gainera, garuna estimulatzeko kuriositatea izatea, optimismoa eta txokolatea jatea gure garunaren osasunean eragiten duten faktoreak dira” baieztatu zuen espezialistak.
Izugarrizko erronka
Nazioarteko erakundeen datuen arabera “70 segundoro Alzheimer kasu bat diagnostikatzen da Europaren eta Estatu Batuen artean. Datu horiek Gipuzkoara estrapolatzen baditugu, esan dezakegu hiru orduro detektatzen dela Alzheimerra duen norbait. Gure probintzian 15.000 bat pertsonek dute gaixotasun hori, esan zuen Gurutz Linazarosok, eta erantsi zuen “gure garuneko lehenengo aldaketak gaixotasunaren lehenengo sintomak baino 20-25 urte lehenago ematen direla. Oraingo erronka gaixotasuna jasateko arriskua duten pertsonak identifikatzea eta amiloide-metaketa ezabatzen duten botikak eskaintzea da, horrek gaixotasunaren bilakaera eten edo atzeratuko lukeelako. Orain burutzen ari garen ikerketak ildo horretatik doaz.
Alzheimerra jasateko arrisku-faktoreak
Hauek dira Alzheimerraren zazpi bekatuak: adimen-maila txikia, hipertentsioa, gizentasuna (gatza, azukrea eta trans gantzak kontrolatzea), diabetesa, tabakismoa, sedentarismoa eta depresioa eta gizarte-isolamendua” ziurtatu zuen espezialistak, eta erantsi zuen “jarduerarik eza % 25 murriztuko balitz Alzheimer kasuak milioi batean gutxituko liratekeela. Bizitzaren adin ertainean hasi behar da, baina beranduago hasten bada ere eraginkorra da”.
Bertaratu ziren askok aukera aprobetxatu zuten espezialistari galderak egin eta azalpenaren ostean eduki zitzaketen zalantzak argitzeko, hala nola “Alzheimer mota ezberdinak daude? Mundu osoak 7 orduz lo egin behar du loaldi suspertzailea edukitzeko?”. Gurutz Linazasororok galdera guztiak erantzun zituen eta beharrezko azalpenak eman zituen hitzalditik ondo informatuta atera zitezen.