“Alzheimerraren fase goiztiarretan esku hartzea lortuz gero, haren garapena nabarmen atzeratu liteke”
Gurutz Linazasorok, Policlínica Gipuzkoako neurologoak, hitzaldi bat emango du asteazken honetan, Alzheimerraren aurkako lau saiakuntza klinikoen aurrerapena partekatzeko. Saiakuntza horietan, Policlínica Gipuzkoako Alzheimer eta Parkinson Terapia Aurreratuen taldeak egiten du lan.
Eguna: Irailak 18, asteazkena.
Ordua: 18:30.
Lekua: Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan
Donostia-San Sebastián, 2024ko irailaren 16a.- Asteazken honetan, irailaren 18a, Gurutz Linazasoro Policlínica Gipuzkoako neurologoak “La Medicina del Futuro para el Alzheimer” hitzaldia emango du Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan, 18:30etan, Policlínica Gipuzkoako Alzheimer eta Parkinsoneko Terapia Aurreratuen taldeak lantzen dituen lau saiakuntza klinikoen aurrerapena partekatzeko. Saiakuntza horiek hainbat garapen-fasetan daude, eta Alzheimerraren progresioa moteltzeko farmako berrien eraginkortasuna ebaluatzea dute helburu.
Hitzaldian, Linazasorok saiakuntzak behar bezala aurrera egiten ari direla eta batzuk dagoeneko hirugarren fasean daudela azalduko du; beste saiakuntza batzuk, berriz, datozen asteetan hastea espero dira. Nahiz eta oraindik goiz izan behin betiko emaitzei buruz hitz egiteko, espezialistak adierazi du lortutako datuak funtsezkoak izango direla sendagaien eraginkortasuna zehazteko eta, horrela, Alzheimerraren prebentzioa eta moteltzea hobetzeko.
Gurutz Linazasorok azpimarratu duenez, botika berri horiek gaixotasunaren progresioa moteltzeko diseinatuta daude, eta horrek pazienteen epe ertain eta luzerako bizi-kalitatea hobetzea ekar lezake. Zenbait saiakuntzatan parte hartzeko helburuak lortu diren arren, neurologoak esan du “ateak irekita” jarraitzen duela ikerketa horiek aurrera egiten lagundu nahi duten boluntario berrientzat.
Alzheimerraren tratamenduaren etorkizunari dagokionez, Linazasorok diagnostiko goiztiarraren garrantzia aipatzen du, baita oroimenaren edo jokabidearen galeraren sintomak agertu aurretik ere. Garatzen ari diren farmakoek proteina amiloideen metaketak garunean ezabatzea dute helburu, eta “fase goiztiarretan esku hartzea lortuz gero, sintomen garapena prebenitu edo nabarmen atzeratu liteke”, ondorioztatu du Policlínica Gipuzkoako neurologoak.