“Antisorgailuak erabiltzeak ez ditu Sexu-Transmiziozko Gaixotasunak prebenitzen, funtsezkoa da hesi-metodoak erabiltzea”
STGak birusek, bakterioek, onddoek eta parasietoek eragin ditzakete. Horien artean HPV da ohikoenetako bat, biztanleriaren %80rainoko kontaktu-prebalentziarekin.
Uda iristearekin eta gizarte-interakzioak areagotzearekin batera, sexu-transmisiozko gaixotasunak (STG) ugaritu egin dira. Hala azaldu du Juan Céspedes Policlínica Gipuzkoako Ginekologia eta Obstetrizia zerbitzuburuak.
Horregatik, hesi-metodoak erabiltzea, hala nola preserbatiboa, maskulinoa eta femeninoa, edo ahoko hesiak, funtsezkoak dira STGak prebenitzeko, bereziki jai-garaietan eta gizarte-jarduera handiagoan. Céspedesek oihikoa den nahasmen bat argitzen du: “Antisorgailuak erabiltzeak ez ditu gaixotasun horiek prebenitzen; funtsezkoa da beti hesi-metodoak erabiltzea”. Gainera, txertoek berebiziko garrantzia dutela nabarmendu du, batez ere Giza Papilomaren Birusak (HPV), eskola-txertoen egutegian sartuta baitago eta adin guztietarako eskuragarri baitago.
Espezialistak azaldu duenez, gaixotasun horiek 25 eta 50 urte bitarteko pertsonek izaten dituzte gehien. STGak birusek, bakterioek, onddoek eta parasitoek eragin ditzakete. Horien artean, HPV da ohikoenetako bat, biztanleriaren % 80rainoko kontaktu-prebalentziarekin. Céspedesek adierazi du azken hamarkadan gehien hazi diren patogenoak “klamidia eta gonokokoa direla, eta horien detekzioan hazkunde esponentziala izan dela”.
STGen sintomak ezberdinak izan daitezke, hala nola, pixa egiterakoan ziztadak, baginako fluxuaren alterazioak, ondoeza edo sukarra. Edozein sintoma izanez gero, Céspedesek hitzordu ginekologiko bat eskatzeko gomendatzen die pazienteei, ebaluazio oso bat egiteko eta, beharrezkoa izanez gero, tratamendu bat hasteko.
STG asintomatikoak
Hala ere, Sexu-transmisiozko Gaixotasun asintomatikoak ere badaude: “Kasurik ohikoena HPVa da, baginan zein umetokiaren lepoan egon daiteke urteetan zehar eta ez du arazorik sortzen, baina horretarako Cervix Minbizia Detektatzeko Programa ezarrita dago, umetokiaren lepoan alterazioren bat gertatzen bada, ahalik eta lasterren detektatu ahal izateko”, azaldu du ginekologoak.
Sexu-transmisiozko gaixotasunen (STG) eta sexu-transmisiozko infekzioen (STI) arteko funtsezko bereizketa azpimarratzen du Céspedesek. “Gauza bat infekzio bat hartzea da, eta beste bat gaixotasun bat garatzea”, azaldu du. Infekzio guztiak ez dira gaixotasun batean agertzen, nahiz eta bi terminoak berdin erabiltzen diren.
STGen diagnostikoa askotarikoa da, patogenoaren arabera. “Beharrezkoak izan daitezke zitologiak, HPV detekzioak, baginako kultiboak edo serologiak egitea odol-analisien bidez”, azaldu du. Tratamendua infekzioaren arabera aldatzen da, antibiotikoak eta antifungikoak bezalako medikamentuetatik hasita, eta kasu batzuetan, interbentzio kirurgikoetaraino. Ginekologoak diagnostiko goiztiarraren garrantzia azpimarratzen du, tratamendu konplexuagoak saihesteko.