
“Aurten polinizazioa eta sintoma alergikoak bi aste aurreratu dira”
“Batez ere pinuaren eta lizarraren polenak aurreratu ditu alergia-sintomak, eta aurten bi aste aurreratu dira”, dio Estefanía Quílezek, Policlínica Gipuzkoako alergologoak.
Aurten badirudi udaberria aurreratzen ari dela, eta horrekin batera, urtaroko alergien sintomak ere lehenago sentitzen ari dira. Estefanía Quílez, Policlínica Gipuzkoako alergologoak azaldu duenez, polinizazioa ohi baino aste bat edo bi lehenago hasi da aurten, baldintza klimatologikoengatik, hala nola tenperaturen igoera eta eguzkiaren presentzia. “Batez ere pinuaren eta lizarraren polena da bi aste aurreratu dena, eta alergia-sintomak eragin ditu herritarrengan”, dio Policlínica Gipuzkoako alergologoak.
“Landareek eguzkia eta tenperatura epelak daudenean polinizatzen dute, eta berotze globalak faktore horiek urtero lehenago ematea eragiten du” dio Estefanía Quílezek. “Horren ondorioz, alergia-sintomak aurreratu egiten dira, eta ez hori bakarrik, denboran luzatu egiten dira eta, gainera, gogorragoak dira. Horrez gain, polinizazio handieneko egunetan, polen-ale gehiago daude ingurunean, eta horrek sintomatologia areagotzen du”, azaltzen du espezialistak.
Hauek dira polenaren alergiaren sintoma ohikoenak: konjuntibitis alergikoa, azkura, malko-jarioa eta begien gorritasuna; eta errinitisa, sudurreko azkura, usin sarriak eta mukositate urtsua ezaugarri dituena. Kasu larrienetan, paziente batzuek asma alergikoa, arnasa hartzeko zailtasuna, toraxeko zapalkuntza eta eztul lehorra gara ditzakete.
Alergiaren eta hotzeriaren arteko aldeak
Askotan, alergiaren sintomak hotzeria batekin nahas daitezke. Hala ere, Estefanía Quílezek honako alde nagusi hauek aipatzen ditu: “Errinitis birikoak pixkanaka aurrera egiten duen eta zenbait egunetan irauten duen bitartean, errinitis alergikoa azkar agertzen eta desagertzen da. Gainera, alergia-mukia argiagoa izaten da, eta azkura eta doministikuak izaten ditu; hotzeria, berriz, lodiagoa izaten da, eta sudurreko buxadura nabarmenagoa”.
Polenarekiko esposizioa minimizatzeko eta sintomak murrizteko, espezialistak honako hau gomendatzen du: “eguzkitako betaurrekoak erabiltzea kalera irtetean, baso eta mendi ugariko espazioak saihestea, hiriguneak edo kostaldeak lehenetsiz, autoz bidaiatzean leihatilak itxita edukitzea eta sintomak hasi aurretik tratamendu farmakologikoari ekitea”.
Gainera, Policlínica Gipuzkoako alergologoak azpimarratzen du garrantzitsua dela espezialista batengana jotzea diagnostiko egokia eta tratamendu pertsonalizatua jasotzeko. “Sintomen arabera, kolirioak agindu ditzakegu konjuntibitisarentzat, antihistaminikoak edo sudurreko espraiak errinitisarentzat, edo inhalagailuak asmarentzat”.
Gomendagarria al da antihistaminikoak luzaroan erabiltzea?
Antihistaminikoak sintoma alergikoak kontrolatzeko gehien erabiltzen diren aukeretako bat dira. Estefanía Quilezen arabera, “logura sortzen ez duten azken belaunaldiko molekulak daude, eta epe luze batean har daitezke arazorik gabe”. Hala ere, ohiko tratamendua nahikoa ez denean, alergologoarengana jotzea gomendatzen da, beste aukera batzuk baloratzeko.
Urtez urte alergia larriak jasaten dituztenentzat, immunoterapia alternatiba eraginkorra da. “Alergia-txertoek polenarekiko sentikortasuna murrizten laguntzen dute, eta gaixotasunaren bilakaera alda dezakete, pazienteei epe luzera bizi-kalitatea hobetzeko aukera emanez”, ondorioztatzen du espezialistak.