“Baraurik korrika egiteak koipea galtzen lagun dezake, baina arriskuak ezagutu behar dira”
Olaia Castro, Policlínica Gipuzkoako nutrizionistak, gero eta ezagunagoa den jarduera bati buruzko zalantza batzuk argitu ditu: entrenatzea eta baraurik korrika egitea. Nutrizionistak gipuzkoarrak azaldu duenez, koipe gehiago erretzen lagun dezake, 8 ordu baino gehiagoko baraualdiaren ondoren gure gorputzak glukogeno erreserba baxuak dituelako, eta, beraz, gorputzeko koipe-erreserbak energia-iturri gisa erabiltzen dituelako.
Gorputzeko koipea galtzeko estrategien artean, baraurik korrika egiteak ospea irabazi du azken aldian, gero eta gehiago erabiltzen den teknika bihurtuz. Horregatik, Olaia Castro, Policlínica Gipuzkoako nutrizionistak, ariketa honen onurak, desabantailak eta arriskuak azaldu dizkigu.
“Goizean esnatzen garenean izaten ditugu glukogeno erreserba baxuenak. Glukogenoa gure gorputzak glukosa, energia-iturri nagusia, gordetzeko erabiltzen duen modua da. Glukogeno hori txikia bada, gorputzeko koipe-erreserbak erabiliko ditugu lehenago, hori dela eta, baraurik korrika egiteak koipea galtzen lagun dezake”, azaltzen du Policlínica Gipuzkoako nutrizionistak.
Orain arte egindako ikerketa gehienek baieztapen hori babesten dute, hala nola Journal of Applied Physiology-n argitaratutakoak, baraurik ibiltzeak koipea galtzen laguntzen duela frogatzen duenak. British Journal of Nutrition-en egindako ikerketa baten arabera, ariketa fisikoa jan gabe egiten dutenek praktikatu aurretik jaten dutenek baino %20 koipe gehiago erre dezakete. Hala ere, Olaia Castroren esanetan, ikerketa gehienek diote baraurik egotea onuragarria dela, baina “oraindik ez dago adostasun argirik, beraz, beharrezkoa da ikerketa gehiago egitea”.
Ariketa mota hori egitea planteatzen ari diren pertsonentzat, espezialistak aholkatzen du “ordubete baino gehiago irauten ez duten intentsitate txikiko entrenamenduak egitea, hidratazio egokia mantentzea eta jateko zerbait eramatea zorabioren bat izatekotan”.
Hala ere, baraurik korrika egitea ez da gomendatzen pertsona guztientzat. “Praktika hau kontraindikatuta dago hipotentsioa (tentsio baxua), diabetesa edo giltzurrunetako gaixotasuna bezalako gaixotasunak dituzten korrikalarientzat. Pertsona horiek espezialista batengana jo beharko lukete kasu bakoitza baloratzeko”.
Lasterketarako prestakuntza
Lasterketa prestatzeko, errendimendua maximizatzeko eta arriskuak minimizatzeko, Olaia Castrok adierazten du aurreko egunetan helburua “glukogeno-deposituak betetzea eta hidratazio ona mantentzea” izango dela. “Lasterketaren aurreko egunean, afarian, karbohidratoak kontsumitzea gomendatzen da, hala nola pasta, arroza edo patata, digestio errazeko proteina pixka batekin, hala nola tortilla bat, oilasko-paparra edo arraina”, amaitzen du.