Behobia – Donostia 2015: Atletismoaren festa herrikoiarekin gozatu baldintza fisiko onean
Kirol-azterketak egin dituzten korrikalariak gehien kezkatzen dituena da jakitea proba egiteko baldintza fisiko onean dauden lokomozioaren eta bihotz eta arnasaren ikuspuntutik. Eta, gero, jakitea zer karrera-erritmo mantendu behar duten. Behobia prestatzeko prozesuan patologiak jasan dituzten gaixoak ikusi ditugu, besteak beste oin-zolako fasziitisa, tibia-perostitisa, zinta aren intsertzioan mina eta oin-zolako kuxina, eta horiek guztiak oin-zolako ortesiaren bidez tratatu ahal izan ditugu. Oso pozik gaude gugan fio diren korrikalari horiei guztiei lagundu ahal izan diegulako.
Poliklinika Gipuzkoako Enrique Perez de Ayala kirol-medikuak igande honetan Behobia egingo duten korrikalari guztiei gomendio hau egiten die: “Lehenengo aldia bada, 15-18 kilometrotan zehar manten dezakezun erritmoan atera; aldiz, denbora asko badaramazu karrera herrikoi hau egiten eta haren karrera-erritmoa ezagutzen baduzu, garrantzitsuena azken 5 km-rako indarrak erreserbatzea da”.
Erritmoa kontrolatzea karrera on bat egiteko oinarrizko baldintzetako bat da, baina badira gure errendimenduan asko eragin dezaketen kanpo-faktoreak ere, eguraldia adibidez, “bero egitea espero da, eta, horregatik, deshidratazioa zaindu behar da, kontuan eduki beharreko fenomenoa baita. Muskulu-uzkurduraren mekanismoak beroa produzitzen du. Ariketaren intentsitatea zenbat eta handiagoa izan are eta bero gehiago produzitzen da —dio kirol-medikuak—, orduko hamabi kilometroko lasterketa batean (5 min. /km.) organismoak askatzen duen beroa 15 kcal. /minutu ingurukoa da. Gorputz-tenperaturak fisiologikoki lor daitezkeen gehienezko 40-41 graduak baino askoz ere balio altuagoak lortuko lituzke denbora oso laburrean tenperatura erregulatzeko mekanismoek esku hartuko ez balute”.
Halaber, Enrique Perez de Ayalak zenbait edari iradokitzen ditu izerdiarekin galtzen duguna aritzeko, “kirolariak orduko 250 mililitro inguru izerdi gehiago sortzen du giro beroan entrenatu badu hilabetez behintzat. Horrenbestez, egoera berezietan salbu, ariketa fisikoaren ondorioz likido gehiago galtzen dira gatz mineralak baino. Edari perfektuak gatz mineral eta azukre kopuru orekatuak eduki behar ditu. Hotza egiten duenean glukosa-kontzentrazioa (edo antzeko beste batena) 40 –50 g / litrokoa izatea komeni da, eta beroa egiten duenean, aldiz, 20-25 g / litroraino jaitsi daiteke.
Enrique Perez de Ayalak dio haren kontsultatik pasa diren korrikalariak gehien kezkatzen dituena “proba egiteko baldintza onean dauden jakitea dela, lokomozioaren eta bihotz eta arnasaren ikuspuntutik. Eta, gero, jakitea zer karrera-erritmo mantendu behar duten”. Gainera, kirol-medikuak aitortu du kirola osasunez egiteko “zenbait arrisku-faktore zaindu beharko liratekeela, hala nola gehiegizko pisua, odoleko lipidoen ugaritzea, eta azterketa medikoa indar-probarekin, eta hori urtero edo bi urtean behin egitea”.
Oin osasuntsuak errendimendu ona lortzeko
Gure erresistentzia fisikoak markatuko du karrera-erritmoa, baina oinek egiten dute mugimendu hori, horregatik oso garrantzitsua da haiek aztertzea eta zaintzea. Poliklinika Gipuzkoako eta Podoactivako Antonio Martinez podologoak dio zapatilak ezinbesteko elementu bat direla ariketa fisiko on baterako “oso garrantzitsua da korri egiteko erabiliko dugun zapatilarekin aurrez entrenatzea, zapatila oinari egokitu behar zaiolako eta alderantziz, karreran aldeak eragin ditzake eta. Oso garrantzitsua da jakitea zer zapatila aukeratu behar dugun gure oin motaren eta korri egiteko teknikaren arabera, eta horregatik oso interesgarria da profesional batengana jotzea zer zapatila komeni zaigun esan diezagun, beharrezko moteltzearekin eta kontrol egokiekin”.
Halaber, espezialistak azaltzen du barne-zola erabiltzeak kirol-praktika optimizatzen eta lesio edo gainkarga muskularrak prebenitzen lagunduko digula, “oinaren patologiak tratatzeaz gainera beheko gorputz-adarraren egoera hobetu ahal izango dugu; izan ere, oinean muskulu asko daude eta izterra baino gorago daukate giharraren muina. Belauna ardatz ezberdinetan mugikortasun murriztua daukan artikulazioa da, eta gaizki zapaltzeak eragin diezaioke, aldakari eta bizkarrezurrari bezala”.
Neke muskularra eta mentala izango dira aurkari handiak Behobia bezalako lasterketa batean, eta Antonio Martinezek baieztatzen du “oinak asko eragiten duela gorputz-adar osoaren zama muskularrean, eta, beraz, neurriak hartzea nahitaezkoa dela lesioak prebenitzeko”. Aurretiko egunetan agertzen diren ondoezen kasuan podologoak dio “ondoezek alarma pizten dutela zerbait ondo ez badoa, eta konponbidea eduki dezakeela edo agian atseden hartzea beharrezkoa izan daitekeela. Gomendioa espezialistarengana joatea da lesio hori larriagotu dezakeen kirol-zama handia egin baino lehen”.
Kontsultan bertan ikusi ahal izan ditu lesio horiek Carmen Fernandez lankidearekin batera: “Poliklinika Gipuzkoako Oinaren Unitatean Behobia prestatzeko prozesuan lesioren bat jasan duten edo etorkizunean lesioak prebenitzeko tratamendua jasotzea erabaki duten gaixo asko ikusi ditugu. Patologiarik ohikoenak dira oin-zolako fasziitisa, tibia-perostitisa, zinta iliotibialaren txertatzean mina, eta oin-zolako kuxina; horiek guztiak oin-zolako ortesiaren bidez trata daitezke. Oso pozik gaude gugan fio diren korrikalari horiei guztiei Behobia egiteko helburua betetzen lagundu ahal izango diegulako.