Bihotz-errehabilitazioak onura asko dakarzkio gaixoari
Poliklinika Gipuzkoak Eibarko Osasun Ikasgelen edizio berria inauguratu du bihotz-errehabilitazioak daukan garrantziari buruzko hitzaldi batekin
Poliklinika Gipuzkoak Osasunaren Ikasgelen ziklo berri bat antolatu du, eta 11 hitzaldi biltzen ditu, 7 Donostian eta 4 Eibarren. Edizio berri honen xedea gaurkotasunezko osasun-gaien bidez azken orduko informazioa ematea eta bertaratzen direnekin solasaldiak egitea da, zalantzak argitzeko helburuarekin.
Eibarko edizio berri honi hasiera emateko, Bihotz-errehabilitazioko taldeak bihotzari buruzko hitzaldia emango du asteazken honetan (martxoak 4), Portalea kultur etxean, 19:30ean. Bihotz-errehabilitazioko taldeak kide hauek biltzen ditu: Laura Quintas kardiologoa, Javier Muñoz ariketa fisikoan lizentziaduna eta fisioterapeuta, Ainitze Bolinaga fisioterapeuta, Aurora Cid nutrizionista eta Edurne Izaguirre psikologoa.
Bihotz-errehabilitazioko programen helburu nagusia gaixoei laguntzea da ahalik eta bizitzarik normalena berreskura dezaten lehenbailehen, bihotz-gaixotasunak eragin diezazkieken mugen barruan, eta hobekuntza fisikoa, psikologikoa eta soziala bilatzea ere bai. Bihotz-arazoak dituzten gaixoentzako programa bat izateaz gainera, bihotz-gaixotasunekin familia-aurrekariak dituzten gaixoei ere zuzenduta dago.
Laura Quintas kardiologoak Eibarko bihotz-errehabilitazioko zerbitzuaren arduradunak azaldu du “zerbitzuak onura garrantzitsuak ematen dituela maila kardiobaskularrean: bihotz-frekuentzia eta presio arteriala murrizten ditu, gaixoak sintomatologiarik gabe ariketa fisiko gehiago egin dezala ahalbidetzen du, eta, gainera, arrisku kardiobaskularraren faktoreak hobeto kontrolatzen laguntzen du, presio arteriala murriztuz eta gorputzeko gantza murriztuz”.
Errehabilitaziorako, gaixoek kirol-arroparekin joan beharko dute jarduerari hasiera eman baino 10 minutu lehenago, eta artikulazioak mugitzeko ariketa-protokolo batekin hasiko dute saioa. Gero, Javier Muñoz fisioterapeutak bihotz-frekuentzia eta presio arteriala kontrolatuko die monitore bidez, eta, gero, 20 eta 45 minutu arteko entrenamendu-saioa egingo dute zikloergometroan. “Zikloergometroa programatuko da ariketa fisikoan eta kirolean lizentziadunak banan-banan preskribatzen dien karga-protokoloa oinarri hartuta, patologiaren eta hasierako esfortzu-probaren arabera”, azaldu du Javier fisioterapeutak. Entrenamendu aerobikoa amaitu eta gero, gaixoak muskulu-talde handien indar-ariketak egingo ditu material ezberdinak erabiliz; izan ere, ikerketa zientifikoek egiaztatu dute garrantzitsua dela kardiopatiak dauzkaten gaixoek indar-lanak egin ditzatela. Amaitzeko, berotasuna galtzeko edo lasaitasunera bueltatzeko 10 minutu inguruko fase bat egiten dute, eta muskulu-taldeen luzatze-ariketa orokorrak ere bai.
Diziplina anitzeko taldea
Bihotz-errehabilitazioko taldea diziplina anitzeko talde bat da: kardiologian espezialista den medikuak esfortzu-proba barne hartzen duen balorazio klinikoa egiten du, ariketa-mota egokia, eraginkorra eta segurua programatzeko; ariketa fisikoan eta kirolean lizentziadunak ariketa fisikoa, haren intentsitatea eta iraupena preskribatzen ditu, eta gaixoak egin beharreko kargak ere bai; fisioterapeutak ariketaren programa zuzentzen eta kontrolatzen du; dietistak/nutrizionistak jateko ohiturei buruz aholkuak ematen dizkio gaixoari, elikadura orekatua izan dezan; eta psikologo klinikoak bihotz-arazoak eragiten dizkion antsietatea eta/edo depresioa kontrolatzen laguntzen dio.
*Klikatu hemen Osasun Ikasgelen programa osoa ikusteko