Espainian 1 miloi bikotek antzutasun-arazoak dituzte

Maiatzak 17 eta 18 Laguntza bidezko Ugalketari buruzko Jardunaldiak

 

  • Espainian, bikoteen % 10 eta 15 artean antzutasun-arazoak dituzte.
  • Emakume gazte eta osasuntsuek obozitoak ematea eskuzabaltasun-keinu izugarria da.
  • 30 urtetik beherako bikote osasuntsu batek % 25 aukera dauka hilabete batean haurdun geratzeko.
  • Asteburu honetan, maiatzak 17 eta 18, Kursaal entzunaretoak “Laguntza bidezko Ugalketari buruzko Ate Irekietako Jardunaldiak” hartuko ditu, Poliklinika Gipuzkoako Emakumearen Unitateak antolatutakoak.

 

Donostian, 2014ko maiatzaren 16an.- Asteburu honetan, maiatzak 17 eta 18, Kursaal entzunaretoak “Laguntza bidezko Ugalketari buruzko Ate Irekietako Jardunaldiak” hartuko ditu, Poliklinika Gipuzkoako Emakumearen Unitateak antolatutakoak. Saioak 11:00etan hasiko da, eta sarrera askea da, edukiera bete arte. Asteburuko ekitaldiari amaiera emateko, Toño Lara Poliklinika Gipuzkoako Emakumearen Unitateko Laguntza bidezko Ugalketa Unitatearen koordinatzaileak hitzaldia emango du. Lara doktorearen hitzetan, jardunaldien helburua da “benetako interesa dutenei modu hurbilean eta argian ugalkortasun-arazoei buruzko informazioa ematea, ugalketa-zentro batera noiz joan behar den aholkatzea, eta, orokorrean, gaur egun zer teknika eskain ditzakegun azaltzea.  Zehazki, eta adibide bat jartzearren, jardunaldien amaieran azalduko dugu nola lagun diezazuketen berrogei urteren ostean ama izan nahi baduzu. Izan ere, komunikabideek informazio ugari ematen badute ere, jendeak ez daki emakume edo bikote bakoitzak zenbateko ugalkortasuna espero dezakeen, noiz den komenigarria zentroetara joatea eta noiz erabili behar diren laguntza bidezko ugalketa-teknikak”.

Gaur egun, kalkulatzen da Espainian milioi bat bikote inguruk arazoak dituela haurra sortzeko, ugalkortasunarekin lotutako patologien ondorioz. Toño Lararen hitzetan, “faktore askok dute eragina bikotearen ugalkortasunean, eta, zehazki, 40 urte bete dituzten emakumeen kasuan, arrazoi nagusietako bat gaur egungo aldaketa soziokulturalak dira”.

Hark baieztatu duenez, “gero eta gehiago itxaroten dugu haurra edukitzeko, eta bikoteek 31 eta 32 urte dituzte batez beste lehen seme-alaba daukatenean”.

Ezagunak diren kanpo-faktoreak ez daudenean, aholkatzen da bikote gazte batek ugalketa-unitate espezializatu batera joan behar duela urtebetez saiatu ondoren ez duenean haurra edukitzea lortu. “Kontuan hartu behar da adin ugalkorrean dagoen bikote gazte -hogeita hamar urtetik beherakoak- eta osasuntsu batek % 25 aukera duela hilabete batean haurdun geratzeko, eta urtebetez saiatzen daramanean, aukera % 85 da; horregatik gomendatzen dugu urtebeteren ostean joatea kontsultara” ziurtatu du Lara doktoreak.

Adina eta ugalkortasuna

Emakumearen ugalkortasuna adinarekin estu lotuta dago: horrela, 20 urteko emakume batek % 25 aukera dauka ziklo ugalkor bakoitzean haurdun geratzeko, hau da, batez beste haurdunaldi bat lortuko luke ziklo ugalkorren lau hilabete bakoitzeko. Emakume hori 30eko hamarkadan sartzen denean, 6-7 hilabete beharko lituzke haurdun geratzeko, eta ziklo bakoitzeko % 15 aukera dauka. Ondorioz, haurdunaldia lortzeko behar diren ziklo ugalkorren hilabete-kopurua areagotzen da amaren adina gora doan heinean, eta 40 urte betetzean, ziklo ugalkor bakoitzeko % 3-5 aukera dauka, hots, 20 hilabete baino gehiago beharko ditu haurdun geratzeko.

Hitzaldietan zehar, Emakumearen Unitatearen espezialista-taldeak modu laburtuan azalduko du gaur egun zer nolako mediku-azterketa dauden gizonen eta emakumeen antzutasuna diagnostikatzeko, eta baita erabiltzen diren laguntza bidezko ugalketa-teknika anitzak ere.

“Duela 30 urte in vitro ernalketa asmatu zen, eta ziurta dezakegu teknikak oso modu mesedegarrian egin duela aurrera. Tratamenduak eta teknikak gero eta eraginkorragoak dira, eta erditze anizkoitzak gero eta urriagoak, umeki bakarra transferitzeko teknikak ditugulako eta hura garatzeko aukerak oso handiak direlako”, ziurtatu du Toño Larak.