“Gero eta zeliako gehiago diagnostikatzen ditugu kliniko ez digestiboarekin”
Balioesten da 6.000 gipuzkoar inguruk ez dakiela zer den zeliakoa izatea eta Espainian gaixotasunak %1 ingururi, hots, 500.000 bat pertsonari, eragiten diola.
“Aurrera eramaten ari diren tratamendu farmakologiko batzuk fase esperimentalean daude eta glutenaren ondorio toxikoak eta immunologikoak prebenitzen edo blokeatzen saiatzen ari dira” ziurtatu du Juan Arenas Policlínica Gipuzkoako Digestio Aparatuaren espezialistak.
Datorren ostiralean, maiatzaren 27an, Zeliakoaren Egun Nazionala da. Aurrerapauso handiak eman dira gaixotasunaren ezagutzan eta kontzientziazioan, diagnostikoak haren eztabaidagai nagusia izaten jarraitzen badu ere. Kalkulatzen da Gipuzkoan 6.000 pertsona inguruk ez dakiela zeliakoa dela.
“Duela gutxira arte uste zen zeliakoen gaixotasuna ez zela ohikoa, haurtzaroan diagnostikatzen zela eta haren sintomak diarrea, sabeleko hantura eta heldutasun atzeratua zirela” —baieztatu du Juan Arenas Ruiz-Tapiador Policlínica Gipuzkoako digestio-aparatuaren espezialistak— “% 1eko prebalentzia du kasu asko helduaroan diagnostikatzen ditugulako; seinale klinikoak era askotakoak dira, erabat asintomatikoak diren kasuetatik hasita oso desberdinak diren beste batzuetara, esaterako anemia, osteoporosia, koadro neurologikoak…eta ohikoagoa da emakumeengan. Horregatik, mediku-espezialitate orok gaixotasuna ezagutu eta susmatu behar du”.
Sintomatologiari dagokionez, hiru modutara sailka daiteke, Juan Arenasen arabera. “Klasikoa: sintoma nagusia beherakoa da, hesteetako xurgatze txar eta heste-biloen atrofiarekin. Atipikoa: digestio-sintomatologia txikikoa edo sintomarik gabekoa, eta diagnostikoa anemiaren edo heste-antzutasunaren azterketa batean egiten da; eta isila, baheketa-programetan antzemandako gaixo asintomatikoak dira; zeliakoen, diabetikoen edo beste gaixotasun autoimmuneen senideak edo gastroskopia bat egitean detektatzen direnak”.
Halaber, espezialistaren esanetan “gero eta gehiago diagnostikatzen dira kliniko ez digestiboarekin, kasuen % 50an hain zuzen. Gaixotasun hepatiko argirik gabe hipertransaminasemia ematen bada, susmarazi behar digu agian glutenarekiko intolerantzia dagoela”.
“Zeliakiaren susmo klinikoaren aurrean lehenbizi analisi orokor bat egin behar dugu, barne hartuz burdin serikoa, proteinograma eta immunoglobulinak (norberaren antigorputzen emaitzak ezkuta ditzakeen IgA defizita duen ikusteko” azaldu du espezialistak. “Susmo kliniko handia badago edo zeliakiaren familia-aurrekariak baldin badaude, histokonpatibilitateko antigenoak (HLA) aztertu behar ditugu. Diagnostikoa heste-biopsiaren bidez egiten bada ere, adinekoaren kasuan nahikoa da duodenoko bigarren zatitik hainbat biopsia hartzea, eta garrantzitsua da, isileko kasuetan bereziki, linfozito intraepitelialak aztertzea. Erantzun positiboa lortzen bada, glutenik gabeko dieta egin behar da eta hobetze klinikoa eta analitikoa ematen den egiaztatu behar da. Horrekin guztiarekin behin betiko diagnostikoa lortuko dugu” azpimarratu du Juan Arenasek.
“Tratamendua glutenik gabeko dieta da eta bizitza osoan ondo egin behar da. Dieta ondo egiten badugu desagertu egingo da. Nutrizioa sei hilabete barru perfektua da. Batzuk gaixotasun zeliakoa esan beharrean baldintza zeliakoa deitzen diote. Betaurrekoak eramatea bezala da. Ez dugu gaixotasun gisa hartzen” arrazoitu du espezialistak, eta erantsi du “ez dagoela ebidentzia esperimentalik glutenik gabeko dieta batek osasunerako onak diren ezaugarriak dituela babesten duenik. Baina badira haien arrakasta dietari egozten dioten pertsona famatuak. Uste dut glutenik gabeko dietak zeliakia edo glunetarekiko sentsibilitatea duten gaixoen kasuan bakarrik aholkatu behar direla”.
“Aurrerapausoak ematen ari dira zeliakoentzako tratamendu berrietan, esaterako orain bertan fase esperimentalean dauden eta glutenaren ondorio toxikoak eta immunologikoak prebenitzen edo blokeatzen saiatzen ari diren tratamendu farmalokogikoak” amaitu du esanaz Juan Arenasek.