Hiru teslako erresonantzia magnetikoak diagnostiko zehatzagoa eskaintzen du eta pazientearen esperientzia hobetzen du azterketan zehar
Policlínica Gipuzkoak hiru teslako lehen erresonantzia magnetikoa instalatu du Euskadiko osasun pribatuan. Ekipamendu berriak irudiaren kalitatea eta funtzioak hobetzen ditu, eta erosoagoa da pazientearentzat: zabalagoa, argitsuagoa eta bizkorragoa. Gainera, abantaila ugari ematen ditu, bereziki, neurologiako eta traumatologiako lesioen diagnostikoan.
Erresonantzia magnetikoa oso azterketa garrantzitsua da kardiologia modernoan; izan ere, indar handiko aparatuak behar dira azterketa kardiakoak egiteko, 2,5 edo 3 teslakoak, duela gutxi Policlínica Gipuzkoan instalatu dena bezala. “Oso teknologia interesgarria da bihotzeko gaixotasunen funtzionamenduari edo anatomiari buruzko zalantzak argitzeko; bereziki, miokardiokoak badira” azaldu du Eduardo Alegria doktoreak, Policlínica Gipuzkoako Bihotzeko Errehabilitazio Zerbitzuaren buruak.
Traumatologiaren arloan, tresna berriari esker, hainbat traumatismotan ebakuntza aurreko diagnostikoa hobetuko da: adibidez, belauneko menisko-lesioetan edo bizepseko tendoien lesioetan. Ricardo Cuéllarek, zentroko traumatologoak, adierazi duenez: “errazago identifikatu ahal izango dugu giltzaduretako artrosi-maila, eta askotan hortxe datza kirurgiako tratamendu bat edo beste gomendatzeko gakoa”.
Gurutz Linazisoro neurologoaren hitzetan, “fase goiztiarragoetan diagnostikatu ahal izango ditugu gaixotasun neurodegeneratiboak, eta saiakuntza klinikoen ikerketan sakondu eta zenbait faktorek –esaterako, bizimoduak– halako gaixotasunen ondorengo garapenean zer eragin duten ebaluatu ahal izango dugu”.
Laburbilduz, erresonantzia magnetikorako tresna aurreratuenetakoa da, eta aparteko kalitateko irudiak lortzeko aukera ematen duen iman indartsu bat du. “Egunerokoan, horrek esan nahi du diagnostiko hobeak egingo ditugula, zehatzago planifikatu ahal izango ditugula gure ebakuntzak eta, azken batean, gure pazienteek emaitza hobeak izango dituztela” ondorioztatu du NIcolás Amprónek, Policlínica Gipuzkoako neurokirurgialariak.