“Artikulazio tenporomandibularraren nahasmenduak eta loaren apnea” jardunaldia

Artikulazio tenporomandibularraren nahasmenduak (ATM) eta loaren apnea izan ziren aztergai, Policlínica Gipuzkoako Osasun Gelan.

José Antonio Arruti, Fernando Esnal, Javier Martín eta Víctor Gómez-Carrillo doktoreak Policlínica Gipuzkoako Kirurgia Maxilofazial Integraleko Unitate berriko kideak dira, eta horrelako nahasmenduen diagnostiko eta tratamendurako teknika aurreratuenen berri eman zuten.

Era berean, Min Orofaziala eta ATM Tratatzeko lehen Unitate berezia aurkeztu zuten, baita Policlínica Gipuzkoako Loaren Apneako Unitatea ere, kasu bakoitza sakon-sakon aztertzeko. Besteak beste, honako hauexek dira artikulazio tenporomandibularraren disfuntzioaren (ATM) sintoma adierazgarriak (artikulazio horrek baraila eta garezurra lotzen ditu): ahoa oso-osorik irekitzeko zailtasunak, belarri inguruko mina edo baraila mugitzean sortutako zaratak.

Policlínica Gipuzkoako Ahoko Kirurgia eta Kirurgia Maxilofazialeko espezialista den Víctor Gómez-Carrillo doktoreak azaldu duenez, “min orofazialaren arrazoi arruntena hortzetan badago ere, biztanle gehienek artikulazio tenporomandibularrean dituzte arazoak”.

Biztanleen %33k artikulazio horretako disfuntzio-sintoma klinikoren bat daukate, eta, euretatik, %5ek jarduketa terapeutikoren bat egin behar dute. Dena dela, eragin handiagoa dauka emakumeen artean, 10 gaixotatik 9 emakumeak direlako, gizonen aldean.

Besteak beste, hona hemen patologia hori sorrarazi dezaketen arrazoiak: hozkada txarra, hiperlaxotasun artikularra -lokailuen elastikotasun handiagoa-, traumatismoak, ahoaren irekidura behartua edo bruxismoa -hortzak estutzeko edo karraskatzeko ohitura-. Horren guztiaren ondorioz, aurpegiko minak, barailako tentsioa, blokeoak, endekapen artikularra eta artrosia sortzen dira.

Loaren apnea Loa eragozten duen apnearen sindromean, hainbat eta hainbat etenaldi gertatzen dira loaldiko arnasketa-zikloan zehar, goiko airebidea kolapsatu egiten denean. Arnasketari berriro ekiteko orduan, gaixoa zenbait aldiz iratzartzen da konturatu gabe. Hori dela eta, ez du gauetan behar bezala atseden hartzerik. “Egiaztatu egin da apnea duten gaixoek logalea dutela egunean zehar, eta, horrez gain, burmuineko infartuak, biriketako hipertentsioa eta beste gaixotasun larri batzuk edukitzeko arrisku handiagoa era badutela”, azaldu du Gómez-Carrillo doktoreak. Aldi berean, honako hauxe ere adierazi du: “apnea duten gaixoen %80 ez daude diagnostikatuta”.

 


Gipuzkoako Poliklinikak Osasun Ikasgelak inauguratu ditu, belauneko, sorbaldako eta aldakako artroskopian egindako azken aurrerapenekin

Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoak ostegun honetan hitzaldi irekia eskainiko dute artroskopiaren azken aurrerapenei buruz

Gipuzkoa Poliklinikak Osasun Ikasgelen edizio berria inauguratuko du ostegunean. Zazpi hitzaldiko zikloa izango da, eta osasun-zentroko espezialistek parte hartuko dute.

Hitzaldien helburua da herritarrei medikuntzaren arlo ezberdinetan egondako azken aurrerapenen eta gomendioen berri ematea. Lehenengo hitzaldia ostegun honetan (otsailak 16) izango da, 19:30ean, Donostiako Andia kalean dagoen Kutxa aretoan. Bertan, belauneko, sorbaldako eta aldakako artroskopia-tekniketan izandako azken aurrerapenen inguruan arituko dira Gipuzkoa Poliklinikako Ricardo Cuellar eta Juan Ponte doktoreak.

Bi adituak espezializatuta daude beren arloetako medikuntza-tratamenduan, ortopedian, kirurgian eta artroskopian. Azaldu dutenez, “artroskopia kirurgia ez-erasokorra egiteko baliabide paregabea da. Gaur egun, belauneko patologia asko tratatzerakoan, inork ez du kirurgia irekirik egiten. Aurrerapen egonkortua dela esan daiteke”.

Sorbalda maila berean dagoen arren, Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoek adierazi dute “oraindik kirurgia irekia egiten dela kasu batzuetan, baina gero eta ebakuntza gutxiago egiten direla, artroskopiaren aurrerapenei esker. Guk uste horretan aurrera egingo duen hirugarren artikulazioa aldaka izango dela; izan ere, aurrerapauso batzuk eman dira jada. Gainerako artikulazioetan, hala nola eskumuturra, ukondoa edo orkatila, kirurgia-aukera txikiagoak ditu”.

Adituen arabera, teknika honen abantaila nagusia da “kirurgia ebakuntza txikiekin egiten dela, eta, beraz, ez direla ehun bigunak kaltetzen, kirurgia irekiarekin gertatzen den bezala. Ondorioz, gaixoek ospitalean denbora gutxiago egon behar dute eta ebakuntzetan zailtasunak egoteko aukerak murrizten dira, eta, hortaz, osatzeko denbora gutxiago behar dute kirurgia ostean eta prozesua ez da horren mingarria”.

Puntako teknikak Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoen hitzetan, “artroskopiaren bidez teknika ugari gauzatu daitezke, eta, horrela, protesiak jartzeko beharra atzeratu, batik bat gaixo gazteenen kasuan”. Artikulazioei dagokienez, azetabulu eta femurraren arteko talka tratatzeko aldaka-artroskopia nabarmendu behar da.

Patologia hori heldu gazteei eragiten die, eta tratamendu goiztiarra eginez, artrosia ekidin daiteke. Belauneko lesioen inguruan, bi gai izango dituzte hizpide: lokailu gurutzatuen lehengoratzea eta kartilago-lesioen tratamendua horiek lehengoratzeko zelula-hazkuntzaren eta kondorzito-inplanteen bidez, hots, hondatutako kartilagoa lehengora dezaketen zelula-mota bat.

Halaber, meniskoaren josturaz, menisko artifizialak txertatzeaz eta menisko-transplanteez —emaile-bankuetako ehunekin sortutako meniskoa jartzea— ere aritu dira. Espainian oso leku gutxitan egiten dira teknika horiek, eta bertaratzen direnek horien berri izateko aukera edukiko dute.

Sorbalda-patologiei dagokienez, lesio konplexuetarako artroskopia-tratamenduaz mintzatuko dira, besteak beste: SLAP, berragertzen diren lokadurak eta biratzaileetako mahukatxoen haustura. Horrez gain, kirurgia misto irekiaz eta artroskopikoaz eta tendoiekin lotutako teknikez ere arituko dira.

Tratamendu biologikoen arloan, adituek artikulazio handietan eta txikietan azido hialuronikoa infiltraltzea eta plasma-hazkuntzaren terapia azpimarratu dituzte, artrosi arinen kasuan zein muskuluen, lokailuen eta ehun bigunen lesio batzuetan.


Realeko jokalariak Poliklinikako pazienteak bisitatu dituzte

Gipuzkoako Poliklinikaren lau paziente bisita oso berezi batez disfrutatu dute

Jokin Aperribai Realeko presidentea, Gurutz Linazasoro kontseilaria, Carlos Martinez eta Asier Illarramendi Lehen Mailako jokalariak, eta Evelyn Santos eta Aintzane Encinas emakumeen taldeko jokalariak momentu gogoangarriak izan dituzte gaixoekin. Montes doktoreak, Gipuzkoako Poliklinikaren kontseilariak, jaso ditu eta Hiru Errege Magoak bailitzan, opariak banatu dituzte eta ongietorria eman diete urtarrilaren 2an jaio diren bi haurtxoei, Denis eta Martin, eta baita talde txuri-urdinaren jarraitzaileak diren beste bi pazienteei ere, Jon eta Ignacio Mª Victor, Achalandabaso eta Santos doktoreen pazienteak hurrenez hurren.


Nagore Arizaga, Bera Bera eskubaloiko jokalaria, operatu du Renobales doktoreak

Renobales doktoreak egin zion ebakuntza belaunean, kirurgia artroskopikoaren bidez

Nagore Arizaga Bera Bera Eskubaloiko jokalaria operatu zuten Policlínica Gipuzkoan. Ebakuntza José ignacio Martínez Renobalesek egin zion kirurgia artroskopikoaren bidez. Lesioa entrenatzen ari zela gertatu zen.

 

 


Ignacio Gallo doktoreak kirurgia kardiobaskularreko aurrerapenei buruz hitz egingo du

Gallo doktoreak dioenez, azkeneko bi hamarkadetan bihotz-operatuen batez besteko adina 55etik 75era pasa da kirugia kardiobaskulean eman diren aurrerapenei esker

Ignacio Gallo doktoreak, Policlínica Gipuzkoako zirujau kardiobaskularrak, “Kirurgia kardiobaskularreko aurrerapenak” izenburupeko hitzaldia eskainiko du ostegun honetan, abenduak 1, arratsaldeko 19.30tan Donostiako Andia Kaleko Kutxa Aretoan. Sarrera dohan izango da edukiera bete arte.

Bestalde, diariovasco.com-eko hitzaldi digitalean parte hatu du. Elkarrizketa digitala  hemen irakurri dezakezue.


Asier Illarramendi atzo operatu zuten Policlinica Gipuzkoan

Renobales doktoreak egin zion ebakuntza ezkerreko belaunean, kirurgia artroskopikoaren bidez

Asier Illarramendi Realeko jokalaria operatu zuten atzo Policlinica Gipuzkoan. Ebakuntza Martinez Renobales doktoreak egin zuen ezkerreko belauneko lesioa konpontzeko. Jokalari txuri-urdinak gaur jaso du alta.

 


Gipuzkoako Poliklinikak eta Osakidetzak hitzarmena sinatu dute Bihotz-errehabilitaziorako

Osakidetzan bihotz-ebakuntza izan duten guztiek zerbitzua eskura izango dute aurtengo azarotik aurrera.

Donostian, 2011ko azaroaren 14an.- Gipuzkoako Poliklinikak gaur goizeko prentsaurrekoan jakinarazi du osasun-hitzarmena sinatu berri duela Osakidetzarekin Bihotz-errehabilitazioaren gainean. Hitzarmenak eskualdean bihotz-ebakuntzak jasaten dituzten gaixo guztien arreta bermatzen du. Itun berri horren bidez, gaixoak errehabilitazioa hasteko hitzordua izango du kirurgia ostean alta jaso aurretik.

Prentsaurrekoan, honako hauek izan dira: Bihotz-errehabilitazioko Zerbitzuaren burua, Eduardo Alegria kardiologoa; Gipuzkoako Poliklinikako arreta-koordinatzailea, Javier Montes kardiologoa eta Poliklinikako presidentea, Ignacio Gallo kirurgilari kardiobaskularra.

 

 

Poliklinika bihotz-kirurgia eskaintzen duen osasun-zentro bakarra da Gipuzkoan, eta urtero, 500 bihotz-ebakuntza baino gehiago egiten ditu. Osakidetzarekin hitzartutako zerbitzu berriaren aurkezpenean, zerbitzua aurtengo azarotik eskaintzen dutela eta gaixoek oso harrera ona egin diotela adierazi dute.

Hitzarmenaren bidez, Poliklinikan ebakuntza izan duten gaixoak automatikoki Bihotz-errehabilitaziorako programan sar daitezke, eta errehabilitazioa hasteko hitzorduarekin ateratzen dira zentrotik. Bihotz-errehabilitaziorako programak hiru hilabeteko iraupena du batez beste, eta ordubeteko saioak egingo dira, astean 5 egunetan. Eduardo Alegria kardiologoak zuzentzen du programa, eta osoko terapia-zerbitzua ematea aurreikusten du, gaixoa ahalik eta azkarren eta hobekien osatu dadin.

Poliklinikaren Bihotz-errehabilitaziorako zerbitzua 2010ean sortu zen, eta aseguru-konpainia pribatu eta mutua nagusiekin hitzarmenak ditu. Frogatuta dago bihotz-errehabilitazioak hilkortasuna %20 murrizten duela bihotzekoa izan ostean, eta, horrez gain, estresa, antsietatea eta depresioa gutxitzen ditu, norberarenganako konfiantza eta bizitzeko gogoak handitzen ditu, gaitasun fisikoak hobetzen ditu eta gaixoei kirola egiteko aukera ematen die. Horrela, gaixoak lehenago has daitezke berriz lanean eta euren sexu-jarduera normalizatu dezakete, eta, aldi berean, berriz bihotzekoa izateko aukerak txikitzen dira.

Diziplina anitzeko ekipoa eta ekipamendu ugaria Diziplina anitzeko ekipo batek artatzen ditu Poliklinikaren Bihotz-errehabilitaziorako programetan sartzen diren gaixoak: fisioterapeutak, psikologoak, nutrizionistak eta prestatzaile fisikoak, eta kardiologo-koordinatzailea. Gaixoa programan sartzen denean, bizi-ohiturak jasotzen dituen historia zehatza egiten zaio, jarraipena egiteko eta kontrola eramateko. Programak iraun bitartean, gaixoak entrenamendu fisikoa egiten du frekuentzia kardiako jakin batean, eta fisioterapiako ariketa-taulak eta bizikleta-ariketak gauzatzen ditu, monitorizazio telemetriko bidez gainbegiratuta beti. Entrenamendua osatzeko, prestatzaile fisikoak ariketa-programa antolatzen du, eta intentsitatea gero eta handiagoa duten martxak egiten dira.

Halaber, programaren beste parte garrantzitsu bat elikadura eta egoera emozionala zaintzea da. Helburuak elikadura-ohitura txarrak tratatzea da, arrisku-faktoreak kontrolatuz. Horrez gain, jokaera-ereduak aztertzen dira, pertsona bakoitzaren antsietate- edo depresio-egoerak baloratzeko. Gaixo bakoitzari hilabetean behin jarraipen-kontsulta egiten zaio, nutrizionistarekin eta psikologoarekin, eta amaieran, balorazio-kontsulta ere badu, kardiologoarekin.

Poliklinikaren Bihotz-errehabilitaziorako zerbitzua urtebete baino gehiago martxan darama jada, eta hitzarmena sinatzerakoan, instalazio handitzeko inbertsio berriak onartu dira. Azaro amaiera hasiko dituzte instalazioak hedatzeko obrak, eta urtarrilerako amaituta egongo dira. Bihotz-errehabilitaziorako eremu berriak gaixoak hartzeko espazio modernoa izango du, dutxaz hornitutako aldagelekin eta ekipamendu tekniko handiarekin.

Gainera, gimnasioa edukiko du, puntako teknologiaz ekipatuta: zikloergometro modernoenak (bizikleta bereziak), pisuak, horma-barrak eta osoko arreta emateko behar den guztia. Postuek monitorizazio telemetrikoa, ergometria, Holter probak eta Kardiologia-zerbitzuko diagnosietako eta tratamenduetako baliabide guztiak edukiko dituzte. Poliklinika erreferentziazko zentroa da Euskal Autonomia Erkidegoan Kirurgia Kardiobaskularrean eta Hemodinamikan, espezialitate horietan duen arreta-bolumen handia dela eta. Horregatik, edozein larrialdi artatzeko beharrezko gailu guztiak ditu, halakorik gertatuko balitz.


Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarra Donostian izango da 2013an

DONOSTIAutism ekimenarekin, Policlinica Gipuzkoako Dr. Carlos Elósegui Fundazioak proposatu du ekitaldi ugari antolatzea biltzar honen inguruan. Helburua, autismoarekin zerikusia duten profesional eta familiak, bai eta hiriko gizarte osoa ere, inplikatzea da.

IMFAR – International Meeting for Autism Research (Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Biltzarra) Donostian izango da, 2013ko maiatzaren 2, 3 eta 4an.

2011n, Biltzarra San Diegon (Kalifornia) izan zen eta orduan mundu guztiko 1.700 ikerlari bildu ziren. Orain, bere historian bigarren aldiz, Iparramerikatik aterako da ―2008an Londresen izan zen― eta Gipuzkoako hiriburuan izango dugu 2013an.

INSARrek (Autismoa Ikertzeko Nazioarteko Elkartea, irabazi xederik gabeko entitatea, IMFAR antolatzen duena) Joaquín Fuentes Biggi, Policlinica Gipuzkoako Haur eta Nerabeen Psikiatria Zerbitzuko burua eta GAUTENAko (Gipuzkoako Autismo Elkartea) Ikerkuntza-aholkularia, Biltzarreko lehendakari izendatu du eta antolamendua bere esku utzi du. IMFAR 2001ean egin zen lehen aldiz, autismoa ikertzen zihardutenei urteko foro bat eskaintzeko, aurrerapen berriak parteka zitzaten eta espektro autistaren nahasmenduen izaera, kausak eta tratamendua hobeto uler zitzaten. Harrez geroztik, San Frantzisko, Boston, Chicago eta Seattle bezalako hiriak izan dira Biltzarraren egoitzak.

Eginkizun zientifiko eta gizatiar honen bikaintasuna dela-eta, eta Euskadiko, Gipuzkoako eta Donostiako erakundeen zuzeneko laguntzarekin, Donostiako IMFARrek arrakasta handia lortu nahi du, halako moduan non gure hiriak toki nabarmena izango duen mundu mailan autismoaren arloan. Jada esan dezakegu kontinente guztietako ikerkuntza-talde aitzindariek parte hartuko dutela eta Biltzarrak oihartzun handia izango duela komunikabide orokor eta zientifikoetan. Horretaz gain, tamaina horretako gertaera batek eragin handia izango du hirian ―1.600-1.800 bitarteko biltzarkide espero dira, gutxi gorabehera―.

Aipatzekoa da, Autism Speaks-en ekarpenari esker (autismoaren ikerkuntzaren arloko Iparramerikako elkarterik indartsuena), gora bidean doazen herrialde batzuetako ikerlari gazteek ere parte hartuko dutela Biltzarrean eta prestakuntza-saio bereziak izango dituztela; horrek bidea emango du ezaguera berriak helarazteko gutxi ordezkatuta dauden munduko herrialdeetara.

Entitate hauetako adituek osatzen dute batzorde antolatzailea: Inbiomed; BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language); GAUTENA; Euskal Herriko, Salamancako eta Sevillako unibertsitateak; AETAPI (Autismoaren arloko Profesionalen Espainiako Elkartea); AEPNYA (Haur eta Nerabearen Psikiatriako Espainiako Elkartea); Bartzelonako USP Dexeus Unibertsitate-Institutua; Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate-Ospitale Orokorra, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Carlos III.a Osasun-Institutua.

DONOSTIAutism: AUTISMOAREKIN KONPROMETITUTAKO HIRI BAT HAMABI HILABETEETAN

Policlinica Gipuzkoako Dr. Carlos Elósegui Fundazioak proposatu du ekitaldi ugari antolatzea biltzar honen inguruan. Ekimenak DONOSTIAutism du izena eta helburu du autismoarekin zerikusia duten profesional eta familiak, bai eta hiriko gizarte osoa ere, inplikatzea. Azken urratsa “IMFAR 2013 in D/SS” izango da (Biltzarraren izen ofiziala).

Lehen aipatutako haurren psikiatrak, Policlinica Gipuzkoako ikerkuntza-fundazioko taldearen bitartez, ekintza batzuk egituratu ditu, 2012ko maiatzean hasiko direnak eta autismoari buruzko ezagupen zientifikoak hurbilduko dizkiotenak Gipuzkoako gizarteari, bai eta pertsona eredugarri batzuk ezagutarazi ere, autismoa gorabehera kalitatezko bizitza lortu dutenak. Autismoa duten pertsonen esperientziak uztartzeko ahaleginak egingo dira, pertsona horiek bertakoak zein nazioartekoak izanda. Hiriko jai eta ekitaldietan parte hartuko dute: Jazzaldia, Zinemaldia, Euskal Jaiak, arte-erakusketak, kirola, e.a. Hamabi hilabeteetan zehar, esperientzia horiek komunitate donostiarra sentsibilizatuko dute eta giroa prestatuko dute 2013ko maiatzean IMFAR egiteko.

IMFAR hasten den egunaren bezperan, hau da, 2013ko maiatzaren 1ean, eguneratze-ikastaro bat emango zaie, Kursaalen, Europatik, Estatutik, Autonomiatik zein hiritik etorritako sektoreko 600 laguni. 300 familia eta 300 profesional etortzea espero da, azken hauek osasun, hezkuntza eta gizarte arloetakoak. Prestakuntza-jardunaldi bat eskainiko zaie doan, Kaliforniako Unibertsitateko (Los Angeles-UCLA) bikaintasun-zentroko taldeak emana.

IMFARrek dirauen bitartean, ikerlari nagusiek arratsaldeko “irteera”k egingo dituzte hirira, informazio-saioak emateko beste esparru batzuetan, hala nola, Eureka Zientzia Museoan, Teknologi Parkean. Landuko diren gaiei dagokienez, ahaleginak egingo dira munduko adituak gure inguruko adin guztietako pertsonekin kontaktatzeko, beren esperientziak parteka ditzaten modu hurbil-erraz batean.

Bukatzeko, “IMFAR 2013 in D/SS” amaitzen denean, herri-lasterketa bat egingo da. Batez ere haurrek eta familiek parte hartuko dute. Lasterketari esker, mundu osoko ikerlari-taldeek hiriaren adorea eta ilusioa sentituko dituzte eta, laborategietara itzultzen direnean, jakingo dute badagoela hiri bat, Donostia, beren lanean sostengua ematen diena eta, azkenik, autismoa garaitu dezaten desiratzen duena.

Biltzarraren osagarri, beste ekitaldi esanguratsu bat izango da egun horietan gure hirian: GAUTENAren ekimenez, Autismo Europa Elkarteak, 30 herrialdetako senitartekoen elkarteak batzen dituenak, egun horietan beretan egingo du bere Urteko Batzarra Donostian.

Munduko aditurik onenek, Autismo Europak, Autism Speaks-ek eta Gipuzkoako gizarteak bat egiteak etorkizun hobea iragartzen du autismoa duten pertsonentzat, eta Donostiak erabakitasunez erantzungo dio eginkizun zoragarri horri.

Gauzatzen diren ekintzek erakunde hauen laguntza ekonomiko eskuzabala jasoko dute: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Gipuzkoako Foru Aldundia / San Sebastián Turismo & Convention Bureau / Kursaal; Poliklinica Gipuzkoa; Kutxaren Gizarte-Ekintza, eta Donostiako Udala.


e-Mintza aurkeztu da, komunikazio-oztopo handiak dituztenen komunikazioa errazteko doako aplikazioa

Aplikazioa Internetetik jaitsiko da, eta, horri esker, erabiltzailea beste pertsona batzuekin komunikatu ahal izango da ukimen-teknologiaren eta multimediaren bidez. Horretarako, ukimen-tableta erabiliko du, batez ere. Piktogramak edo irudiak eta soinuak dituen komunikazio-taula sortuko denez, zuzenean eta erraz komunikatu ahal izango dira.Proiektua Orange Fundazioak eta Policlínica Gipuzkoako Dr. Carlos Elosegui Fundazioak bultzatu eta Nesplorak garatu du, Gautena Elkartearen laguntzaz eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren babesaz. Hasiera-hasieratik, azken erabiltzaileek ikerketan bertan parte hartu dute, proiektuak euren benetako premiei ziezaien.

E-MINTZA DESKARGATU

Gaur, e-Mintza aplikazioaren aurkezpen ofiziala egin da. Komunikazio-sistema dinamikoa da, pertsonalizatu egin daiteke eta ahozko edo idatzizko komunikazio-oztopo larriak edo autismoa dituztenentzat dago diseinatuta.

Aplikazioa Orange Fundazioaren eta Policlínica Gipuzkoako Dr. Carlos Elosegui Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Avanza2 Planaren babesa jaso du. Tresna berri honi esker, erabiltzailea beste pertsona batzuekin komunikatu daiteke ukimen-teknologiaren zein multimediaren bidez. Era berean, bere autonomia sustatzen du agenda pertsonalizatuaren bitartez.

“e-Mintza” “mintzamen elektronikoa” da euskaraz. Programa hau dohainik jaisten da, eta merkatuko ohiko edozein tabletatarako dago diseinatuta. Gainera, erraz-erraz pertsonalizatu daiteke: hizkuntza, ezaugarriak, testuak, irudiak, bideoak edo soinuak, erabiltzailearen premien edo interesen arabera. Izan ere, ukimen-pantailaren bidez jarri ahal izango da elkarreraginean, tabletaren bidez edo saguaren bidez, ordenagailuko pantaila ukimenezkoa ez denean.

Hasiera batean, bere helburua autisten komunikazioa erraztea bada ere, beste pertsona askok ere erabili dezakete, pertsonalizatzeko ahalmen handia du-eta. Horrela, bada, honako hauexentzat izan daiteke erabilgarria: oraindik hizkuntza ikasi ez duten ume gorrak, garun-paralitikoak, adimen urriko larriak, traumatismoen edo istripuen ondorioz hartutako kalte zerebrala duten gaixoak, neuroendekapenezko gaixotasunak dituzten adinekoak, ospitalean daudenean tutuak edo aireztapen lagundua jarrita dituztelako inolaz ere adierazterik ez duten gaixoak…

e-Mintza proiektua 2009an hasi zen, eta azken erabiltzaileak hasierako faseetatik daude inplikatuta, euren premiei benetan erantzun ahal izateko.

Ebaluazioa benetako erabiltzaileekin egin da bederatzi hilabetez, eta, horretarako, honako parametro hauek hartu dira kontuan: piktogramen egokitzapena, argazkien tamaina, erabiltzailearen gaitasun motorra, tresnaren benetako komunikazio-erabilgarritasuna eta ez hainbeste ludikoa, erabilerraztasuna eta funtzionaltasun hezigarria, besteak beste.

Erabiltzaileekin ebaluatu ondoren ezarritako berritasunen artean, agenda nabarmentzen da. Bertan, erabiltzaileak sei jardueraren denborazko plan sekuentziatua lekuratu dezake eguneko edo espazio tenporaleko. Oso garrantzitsua zen agenda sartzea, autistei edo adimen urrikoei laguntzeko orduan aurrea hartzea eta plangintza egitea funtsezkoa dela kontuan hartuta.

e-Mintza softwarearen ezaugarrien arabera, piktogramen edo letren bidez egin beharrean badago norberaren argazkien bitartez pertsonalizatzerik. Horrez gain, bideoak ere erantsi daitezke.

 

 

Bi aplikazio

Tresna erabiltzeko, programak bi aplikazio ditu: batetik, oinarrizko zenbait kategoria dituen komunikazio-taula “sortzen duenez”, kategoria bakoitzean sakatzean pantaila berria irekiko da. Bertan, hain zuzen ere, soinu lotuak dituzten zenbait piktograma agertuko dira, eta, piktograma bakoitzean sakatzean, ahotsak mezu zuzena bidaliko du arbelera, eta esaldia eratuko da. Esate baterako, janarien kategorian, platerak zein elikagaiak eskainiko dira, eta erabiltzaileak euren guztien artean aukeratu ahal izango du (argazkien edo piktogramen bidez egongo dira irudikatuta). Programak zenbait adinetako laguntzaileek dohaintzan emandako benetako ahotsez hitz egingo du euskaraz edo gaztelaniaz.

Bestetik, programak egile-tresna ere eskainiko du, eta, horren bidez, tutoreak (senideak, terapeutak edo antzekoak) edo erabiltzaileak e-Mintza pertsonalizatu ahal izango du, bakoitzaren premia berezietara egokitzeko. Izan ere, kategoria bakoitzean, piktograma, argazki edo soinu berriak erantsi edo editatu ahal izango dira erraz-erraz, eta gustuen arabera aldatu ahal izango da ikusizko itxura.

Plataforma anitzekoa

e-Mintza ukimen-gailuetan eta ukimenezkoak ez diren gailuetan erabili daiteke (tabletak, ordenagailu eramangarriak, mahai gaineko ordenagailuak…). Era berean, plataforma anitzekoa ere bada, Windowserako, MacOSerako eta Linuxerako dagoelako prestatuta (Windows eta Android erabiltzen dituzten PC tabletetan, 2.2. bertsiotik edo ostekoetatik aurrera) eta Adobe Air plataforman babesten delako (instalaziorako fitxategian dago sartuta).

Donostiako Parke Teknologikoan dagoen Nesplora enpresak e-Mintza tresnaren garapen teknikoa egin du, eta GAUTENA Autismo Elkarteko kideen eta senideen funtsezko partaidetza izan du proiektuko zenbait fasetan.

Horrez gain, bertan erabilitako piktograma gehienak ARASAAC Aragoiko piktogramen eta baliabide grafikoen ataritik hartutakoak dira.