Policlínica Gipuzkoak Bihotz-hodien prebentziorako bultzatutako kanpaina europarraren aurkezpena
• “Zeure burua zaindu behar duzula konturatzen bazara, lagundu egingo dizugu”. Kanpaina honen bidez, mezu nagusi hori igorriko zaie biztanleei. 3 Michelin izar dituen Pedro Subijana sukaldaria izango da kanpainako irudia.
Ekainaren 20an, asteazkena, Policlínica Gipuzkoako ateneoan elkartu dira gure erkidegoko bihotz-aditu onenak. Bertan, hain zuzen ere, Espainiako Bihotz Fundazioko presidenteak, Leandro Plaza kardiologo jaunak, prentsaurrekoan parte hartu du, “Bihotz Osasungarrirako Ohitura Egokien Dekalogoa” azaldu du eta kanpainako publizitate osoan izango du oihartzuna.
Berarekin batera, 3 Michelin izar dituen Pedro Subijana sukaldari ospetsua ere agertu zen. Kanpaina honetako irudia izango da, eta, horren bidez, ezustekorik ez edukitzeko prebenitu egin beharra dagoela eta aldian-aldian bihotz-hodietako azterketak egin behar direla azalduko die herritarrei.
Kanpaina honen bitartez, aldi berean era guztietako jarduketak jarriko dira abian, zenbait arlo eta taldetan. Horretarako, honako leku hauetan garatuko da lana: osasun-taldeak, gaixoen elkarteak, Donostiako Udala eta udaleko kultur etxeak. Hain zuzen ere, Eibarko kultur etxean eman da lehenengo hitzaldia.
Hiru jarduketa-ardatz
Kanpainan bertan, hiru jarduketa-ardatz garatuko dira. Publizitatean oinarritutako informazio-kanpainan, urteko azterketa egin behar dela eta Espainiako Bihotz Fundazioaren “Bihotz Osasungarrirako Dekalogoa” kontuan hartu behar dela adierazten da. Horrela, bada, bizi-ohitura egokiak ezarri ahal izango dira. Kanpaina honetako irudia Pedro Subijana da, eta, gainera, bihotz osasungarrirako menua ere erantsiko du bere karta ospetsuan. Kanpainaren zabalkundea handia izango da, tokian-tokian, nazio-mailan eta Europan egingo dela publizitatea.
Bigarrenik, Bihotz Osasungarrirako Osteratxoen Plana ere diseinatu da, biztanleen eta, batez ere, helduen sedentarismoari aurka egiteko. Osteratxoak asteazkenetan egingo dira 9:30ean, eta Donostiako Sorospen Etxetik irtengo dira. Fisioterapeutarekin batera joango dira, eta behar besteko jarraibideak emango dizkie parte-hartzaileei.
Hala ere, Sorospen Etxea 8:00etatik egongo da zabalik, parte-hartzaileek tentsioa hartzeko aukera izan dezaten eta aldian-aldian leku berean kontrolatu dezaten. 4 ibilbide lau erakargarri diseinatu dira, eta hiri osoa zeharkatuko dute. Beti-beti, Sorospen etxea izango da ibilbide guztietako helmuga.
Azkenik, Policlínica Gipuzkoak gaixoentzako urruneko jarraipen-kanpaina jarriko du abian, bihotz-kirurgiako ebakuntzaren ostean. Horretarako, informazio-programa berritzailea garatu da, ospitaleko altaren ondoren gaixoen urruneko jarraipena egin ahal izateko.
Inolako zalantzarik gabe, ardatz estrategikoenetakoa da, garapen-gaitasun handia duelako eta medikuntzako beste espezialitate batzuetan ere ezarri ahal izango delako. Programa berez egikaritzen den pen-drivean dago, eta, bertan agertzen den aplikazioaren bidez, gaixoak eskatutako datuen berri eman ahal izango du egunero. Aldi berean, unean bertan aztertuko dira Policlínicako Bihotz-hodietako Kirurgia Zerbitzuan. Programa hori probapean dago oraindik, eta oso irtenbide ona izan daiteke, ebakuntza osteko lehenengo egunetan gaixo horien bizi-kalitatea hobetzeko. Era berean, erreferentziako medikuek oso informazio ona izango dute, gaixoen tratamenduak eta jarraipenak hobetzeko egin beharreko azterketei eta ekintzei begira.