“Funtsezkoa da ile-transplantea egin ondorengo lehen astean urratzerik ez izatea, folikulu-unitateak gal ez daitezen”

Ana González Elósegui, Policlínica Gipuzkoako Ile-Transplantearen Unitateko medikuak, “Posizio egokian lo egitea, aurretik ireki daitekeen arropa erabiltzea eta intentsitate handiko kirol-jarduerarik ez egitea” aholkatzen du.

Ilearen galera genetikoaren aurkako irtenbide eraginkorren bilaketan, (gizonen %80k eta emakumeen %25ek pairatzen duten patologia), ile-transplantea gero eta aukera ezagunagoa eta emaitza bikainak lortzen dituen aukera bihurtu da. Prozedura hori hobeto ulertzeko, Ana González Elósegui doktoreak, Policlínica Gipuzkoako Ile-Transplanterako Unitateko medikuak, ile-transplante arrakastatsu bat lortzeko behar diren urratsak, onurak eta zainketak xehetasunez azaldu dizkigu.

Ile-transplantearen helburua dentsitatea buruaren eremu espezifikoetan berreskuratzea da, normalean aurrealdean edo atzealdean”. Ana González Elóseguiren arabera, “okzipital guneko folikulu-unitateak lortzen dira eta nahi den eremuan transplantatzen dira”. Prozedura zorrotz horretarako, “banan-banan” atera behar dira unitate folikularrak eremu emailetik, eta, gero, eremu hartzailean ezarri. 

35 urtetik gorako gizonen bi herenek ilea galtzen dute, eta 50 urterekin, gizonen %85ek ilea nabarmen mehetzen dute. 65 urterekin, emakumeen %50ek baino gehiagok ilea nabarmen argaldu du. Ildo horretan, gero eta emakume gehiago arduratzen da ilearen dentsitateaz, eta, asko, aztertu eta tratatu ondoren, “ile-transplantea egiteko hautagaiak ere badira”.

2021ean 3,4 milioi ile-transplante egin ziren mundu osoan, hala ere “edozein alopezia ez da transplantearen onuradun izango”, azpimarratzen du espezialistak. Horregatik, ile-transplantea egin aurretik, funtsezkoa da diagnostiko egoki bat egitea, non aztertuko den ea eremu emailea behar bezain trinkoa den emaitzak arrakastatsuak eta iraunkorrak izango direla bermatzeko.

Ebakuntza ondokoa eta errekuperazioa

Ebakuntza osteko errekuperazioa “berebiziko garrantzia” duen prozesua da emaitza arrakastatsu bat ziurtatzeko. Transplantea egin eta berehala, maiz jarraitu behar da folikulu-unitateak behar bezala finkatzen direla ziurtatzeko. “Oso garrantzitsua da lehenengo astea; izan ere, transplantatutako folikulu-unitateak ukitzen badira, galdu egin daitezke”, dio doktoreak.

Transplantatutako folikulu-unitatea orbaintzen den aldi honetan, Policlínica Gipuzkoako espezialistak “posizio egokian lo egitea, aurretik ireki daitekeen arropa erabiltzea eta intentsitate handiko kirol-jarduerarik ez egitea” gomendatzen du, eremu hartzaileak inolako urratzerik ez izateko.

Hasierako orbaintze-prozesuak astebete inguru irauten du; ondoren, birlandatutako ilea erori egiten da, eta folikulu berria hazten hasten da hiru-sei hilabeteko epean. “Ilerik gabeko itxaronaldia da, eta funtsezkoa da pazienteari laguntzea, prozesuan konfiantza mantentzeko”, gehitu du Ana González Elóseguik.

Espezialistak Dermatologia unitate batera joatearen garrantzia azpimarratzen du, diagnostiko egokia lortzeko eta transplantea egin aurretik alopezia egonkortzeko. “Policlínica Gipuzkoako Ile-Transplantearen Unitatea nabarmentzen da goi mailako dermatologo eta trikologoen talde bat duelako, eta, horrela, diagnostiko zuzenak eta tratamendu optimoak bermatzen ditu nahi diren emaitzak lortzeko”, ondorioztatzen du Ana González Elóseguik.