Policlínica Gipuzkoako Oftalmologia Zerbitzuko profesionalak espezialistak dira patologia oftalmologikoen diagnostikoan eta tratamenduan.

Begi-lausoen kirurgia

Begi-lausoak adinari lotu ohi zaion gaixotasun bat da; baina, kasu batzuetan, sortzetikoa izan daiteke, edo traumatismoen ondorioz sortu. Orokorrean, patologia horren ondorioz, irudi garbia lausotu eta ikusmena galtzen da, kolore distiratsuak itzali egiten dira eta gaueko ikusmena murriztu egiten da.

Herrialde garatuetan, begi-lausoak dira itsutasun sendagarriaren kausarik ohikoena. Horregatik guztiagatik, begi-lausoen ebakuntza da irtenbiderik onenetako bat.

Kirurgia anbulatorioa da, eta Policlínica Gipuzkoan erabiltzen den teknikak ikusmena azkartasunez eta erosotasunez suspertzea ahalbidetzen du. Ebakuntzaren iraupena 10-15 minutu artekoa da, eta ordu gutxira ematen zaio ospitaleko alta gaixoari. Gaixoa segituan itzul daiteke errutinara, baina ezingo du pisurik hartu edo hantura eragin diezaiokeen beste jarduerarik egin. Dena dela, bizitza normala egin dezake eta ibili, telebista ikusi, etab.

Begi-lausoa ikusmena gutxitzen denean eta eguneroko bizitzari eragiten dionean operatzen da. Gaixoak ez du begiak erabat lauso izateraino itxaron behar, edo duela urte batzuk esaten zen bezala, ‘begi-lausoak heldu arte itxaron’. Eragozpenak sortzen dizkion unean operatu egin behar da, bizi-kalitatea ez galtzeko.

Presbizia

Presbizia edo ikusmen nekatua dutenen kasuan, kristalinoak gertuko objektuen irudiak enfokatzeko duen elastikotasunaren galtzen du, edo, beste era batera esanda, giza begiak enfokatzeko duen ahalmena galtzen du. Zahartzen garenean, kristalinoak eta muskulu ziliarrak elastikotasuna galtzen dute, eta, horrenbestez, egokitzeko ahalmena murriztu egiten da pixkanaka, modu itzulezinean. Ondorioz, begiak ezin ditu gertuko objektuak enfokatu.

Presbiziak 45 eta 60 urte bitarteko biztanleen % 80ari eta kasik 60 urtetik gorakoen % 100ari eragiten dio.

Horrek esan nahi du presbiziak Gipuzkoako biztanleen % 25ari baino gehiagori eragiten diola. Ondorioz, horietako askok (% 80) betaurrekoak behar ditu urrutitik eta gertutik ikusteko, eta betaurrekoak eraman behar ditu une oro.

Adinaren arazo normal horri konponbidea emateko, askotariko betaurrekoak erabili dira tradizionalki, eta, neurri txikiagoan, ukipen-leiarrak. Alabaina, gaur egun, kirurgiak behin betiko zuzen dezake presbizia. Egokitzeko ahalmena galdu duen kristalino hori kendu, eta horren ordez, enfokatzen duen edo foku anitzeko leiar bat jartzen da, distantzia ertainera urrutitik eta gertutik ikustea ahalbidetzen duena. Aitzitik, pertsona guztiak ez dira kirurgia horretarako hautagai egokiak, batzuk ez direlako foku anitzeko leiar horietara ondo egokitzen.

Gainera, ebakuntza kirurgiko horrekin, gaixoak eduki ditzakeen beste akats optiko batzuk zuzentzen dira (miopia eta/edo hipermetropia). Hala, ebakuntzaren ostean, gaixoak ez du urrutirako eta gerturako betaurrekorik beharko. Halaber, presbiziaz operatua izan den gaixoak jada ez du begi-lausorik edukiko. Kristalinoa kentzen bada, ezin da lausotu, eta, ondorioz, ezin da patologia hori garatu. Begi-lausoen ebakuntza goiztiarra izango litzateke.

Policlínica Gipuzkoan 2004tik egiten da ebakuntza hori, eta kasu eta gaixo motaren arabera, teknika bat ala beste erabiltzen da (monoikusmena, leiar errefraktiboak edo difraktiboak). Mota horretako operazioa gomendagarria da presbizia duten eta urrutirako betaurrekoak edo ukipen-leiarrak erabiltzen dituzten pertsonentzat. Kirurgia azkarra da, anbulatorioa, minik gabekoa eta oso segurua.

Glaukoma

Begi-globoaren presioa igotzen da eta horrek nerbio optikoa kaltetzen du. Gaixoaren begiko tentsioa hartuz eta haren ikusmen-eremua egiaztatuz detekta daiteke. Minik gabeko azterketa erraz eta azkar batekin, glaukomak eragiten dituen itsutasun-kasuen % 90 ekidin litezke. Gaixotasun sendaezina da, baina milaka tratamendu daude haren ondorioak murrizteko eta gaixoaren bizi-kalitatea hobetzeko. Badira begi-tentsioa txikiagotzen duten begi-urak eta laser bidezko tratamenduak. Hori nahikoa ez balitz, tratamendu kirurgikoa egingo litzateke. Tratamendu horrek teknika berriak biltzen ditu.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, glaukoma itsutasunaren bigarren kausa da munduan, “begi-lausoen atzetik”. Haatik, garaiz detektatzen bada, kalteak ekidin daitezke kasuen % 90ean.

Glaukomaren detekzio goiztiarra egiteko, begi-tentsioa eta begiko beste parametro batzuk kontrolatu behar dira 40 eta 50 urte bitartean dituztenen kasuan (adin horretatik aurrera, derrigorrezkoa eta ezinbestekoa da). Asaldurarik antzematen bada, urtero berrikusi behar da.

Lotutako albisteak