Umetoki barnean intseminazio artifizialaren bidez bikotekidearen esperma ezartzea
Semenaren asaldura arina bada eta azterketa femenino guztiak ondo badaude, teknika hau lagungarria gerta dakizueke.
Egokiespenak
- Gizonezko-faktore arin-ertaina.
- Faktore zerbikala.
- Faktore immunologiko arin-ertaina.
- Zuzendutako koitoek porrot egin dutenean.
- Baginismoa.
- Zakir tentetzearen disfuntzioa.
Desegokiespenak
Aldebiko faktore tubarikoa.
Hodi-atxikidura faktorea.
Endometriosi larria.
Gizonezko-faktore larria.
Faktore immunologiko larria.
Teknika
Obulazioa eragiteko, zikloaren bigarren egunetik gonadotropina errekonbinanteak (FSH) emango zaizkio pazienteari “step-down” ereduari jarraituz (dosia gutxituz).
Obulazioa eragiteko tratamendua jarraitzeko, folikuluen garapena behatuko dugu bagina ekografiaren bidez eta beta-estradiola neurtuz.
Intseminazioak zein egunetan izango diren erabakitzeko, batezbeste, hiru kontrol kliniko egin behar dira.
Folikuluek, batezbeste, 18-20 mm-ko diametroa dutenean, jatorri errekonbinantea duen HCGaren 5.000 UI dosia ezarriko da; eta umetoki barneko bi intseminazio programatuko dira hurrengo bi egunetarako. Intseminazio bakoitzak esperma garbitzea eta gaitzea dakar, eta ondoren, umetoki barrunbean sartuko da dagokion kateterra erabiliz. Teknika horrek ez du eskatzen ebakuntza kirurgikorik ezta analgesiarik ere; beraz, ginekologia kontsultan bertan egin daiteke, pazienteak, gero, ohean egoteko beharrik izan gabe.
Intseminaziotik 14 egun igaro direnean, pazienteak hilekorik izan ez badu, haurdunaldiaren testa egingo du (gernuko Beta-HCGa aztertuz).
Pazientea haurdun geratzen ez bada, beste ziklo bati emango zaio hasiera hilekoaren bigarren egunetik aurrera.
Emaitzak
Gure Laguntza bidezko Ugalketako Unitatean, ziklo edo saiakera bakoitzeko haurdun gelditzeko aukera %27 inguruan dabil. Gaur egun, 3 intseminazio ziklo egiten ditugu, eta, ziklo bakoitzean, beti, 2 intseminazio daude; haurdunaldi tasa metatua %65ekoa da.
Eragozpenak
- Lortutako haurdunaldien %22a haurdunaldi anizkoitza da.
- Kiste anitzeko obulutegiaren sindromea duten edo 30 urte baino gutxiago duten pazienteen artean, obulutegiaren hiperestimulazio sindromea gertatu izan da (kasuen %1a).
- Behin eta berriro huts egiteak kalte psikologikoa eragin dezake.