Britainiako ikerketa batean lankidetzan aritu diren Gautenako zenbait medikuk diotenez, haurdunaldia etetearekin lotuta piztu den eztabaida etikoa ez da egokia
Haurdunaldian zehar likido amniotikoan hautematen diren testosterona mailak autismoari dagozkion portaera zantzuak adierazten ditu, baina ez du diagnosi-baliorik. Hori da Cambridgeko Unibertsitateko zenbait zientzialarik egindako ikerketaren ondorioetako bat eta, The Guardian egunkariak argitara eman du aste honetan, gizartea asaldatu duen ikuspegi batekin. Bertan, ikerketetan egindako aurkipena haurdunaldiaren balizko eteteari buruzko eztabaida etiko batekin lotu da. Ikuspegi hori bete-betean gaitzetsi dute, ikerketaren hainbat arlotan parte hartu duten Gipuzkoako Autismoaren Elkarteko (Gautena) arduradunek.
Ikerketa egiteko oinarri modura, 235 haurren (jaioberri eta zortzi urte bitartekoak) portaera behatu da. Britainiako lan-taldeak 1996 eta 2001 bitartean 950 emakumek egindako amniozentesi frogen emaitzak begiztatu zituen. Kasu batzuk alboratu egin ziren ikerketarekin zerikusirik ez zuten osasun arrazoiak zirela medio, 452 familien kasuak mantendu zirelarik. Talde hau ikerketan parte hartzera gonbidatu zen. 235ek eman zuten baietza eta, horiek dira, hasieratik hainbat ondorio ateratzea ahalbidetu duen ikerketaren ikergai.
Dena den, ikerketak egindako azken ekarpenek sortu dute polemika. Zientzialariek erakutsi dutenez, likido amniotikoan dagoen testosterona mailaren eta autismoaren agertzen diren portaeren artean badago nolabaiteko lotura. Honako portaerak lirateke: gizartekoitasun eskasia, hitz egiteko zailtasunak edo bakarrik jolasteko joera errepikakorra. Baina Gautenako mediku-arduradunek ikerketa oso gertutik ezagutzen dute eta oinarrizko datu bat argitu nahi izan dute: 235 haurretatik bakarrak ere ez du autismorik pairatzen.
Balioespen okerra
«Ikerketa honetan gauza asko oker balioetsi dira», azaldu du Joaquin Fuentesek, haur eta gazteen psikiatra eta Gautenako zientzia-aholkulariak. «Ikerketak erakutsi duenez, haurdunaldian testosterona gehiago izateak autismoarekin lotutako portaera zantzuekin du zerikusia. Baina populazioan autismoari dagozkion ezaugarriak dituen jende asko dago, autismorik izan gabe».
Simon Baron Cohen psikologoa izan da Cambridgeko Unibertsitateak egindako ikerketaren gidaria eta, Joaquin Fuentes harekin lankidetzan aritu da. Doctor Carlos Elosegui Fundazioari (ikerketa-jarduerak egiten dituen Gipuzkoako Poliklinikako entitatea) esker egin ahal izan da lotura hori eta, Gautenako eta Euskal Herriko autismoaren inguruko beste elkarte batzuetako hainbat adituk lan egin dute aipatutako ikerketan. «Baron Cohen oso ikertzaile zorrotza da eta, urte askotatik hona hormonekin zerikusia duten alderdiak trastorno hau sorraraz dezaketen faktore direlako hipotesia lantzen ari da», adierazi du psikiatrak.
Berak dioenez, ikerketa honetako emaitzari interpretazio okerra egin zaio. «Zenbaitek autismoa haurdunaldian zehar hauteman ahal izango zela uste izan du, modu horretan, arazoa hautematean haurdunaldia eteteko aukera mahai gainean jarriz. Baina hori ez da horrela. Une honetan, testosterona gehiago izateak autismoa pairatuko duen haur bat izatea inplikatzen duela esatea zentzugabekeria hutsa da».
Aurkikuntza orok ikerketa bide berriak zabaltzen ditu. «On da jakitea testosteronak eragina izan dezakeela. Pertsona jakin batzuek zuzkidura genetiko jakin bat dutelako izango dela eta, ondorioz, hormona maskulino gehiago sakabanatzen direla jakitea. Gene horiek aztertu egin beharko dira. Etorkizunean, alterazio genetiko hori topatuz gero, gene hori galgatuko duten sendagaiak erdietsiko direla esan daiteke agian. Eta, ondorioz, ez dela hainbeste testosterona ekoitziko. Eta pertsona batek autismoa pairatzen duen seme-alabaren bat izaten badu eta hormona horiek ekoizten baditu, hurrengo haurra izaterakoan sendagaiak hartu ahal izango ditu. Ez dakit. Baina, momentuz, zientzia-fikzio hutsa da esaten dugun guztia».
Begirada-harreman eskasa
Gautenako mediku-zuzendariak, Ignacio Gallano psikiatrak, Britainiako ikertzaile taldeak egindako aurkipenei buruz egindako interpretazioa azpimarratzen du. «2001. urtean ikerketa horretako hainbat datu argitaratu zituzten eta bertan, haurrek begirada-harremanean, gizarte-harremanetan eta enpatian nolabaiteko eskasia zutela besterik ez zen ikusi. Baina, beste ezer ez».
Bere ustez, portaera horiek deigarriak ziren eta, horregatik, ikerketak aurrera jarraitu du. Ikerketa hori, Norman Geschwind neurologoak laurogeigarren hamarkadan egindako ikerketen ondorioa da. Geschwindek aztertu zuenez, mutilen eskuineko burmuin-hemisferioko hainbat arloren garapenean eragina zuen testosteronak. Baina ez zen aurrerapen gehiagorik egin».
Mediku eta zientifiko zuhurrenen arabera, trastorno autista baten alderdiren batek testosterona kopuruarekin (gehiago izatearekin) zerikusia izan dezake. «Baina, umekian egon daiteken testosterona kopuru zehatza jakiteko amniozentesi bat egiteko erabakia hartzea, astakeria iruditzen zait».
Fuente: El Diario Vasco