Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoak ostegun honetan hitzaldi irekia eskainiko dute artroskopiaren azken aurrerapenei buruz
Gipuzkoa Poliklinikak Osasun Ikasgelen edizio berria inauguratuko du ostegunean. Zazpi hitzaldiko zikloa izango da, eta osasun-zentroko espezialistek parte hartuko dute.
Hitzaldien helburua da herritarrei medikuntzaren arlo ezberdinetan egondako azken aurrerapenen eta gomendioen berri ematea. Lehenengo hitzaldia ostegun honetan (otsailak 16) izango da, 19:30ean, Donostiako Andia kalean dagoen Kutxa aretoan. Bertan, belauneko, sorbaldako eta aldakako artroskopia-tekniketan izandako azken aurrerapenen inguruan arituko dira Gipuzkoa Poliklinikako Ricardo Cuellar eta Juan Ponte doktoreak.
Bi adituak espezializatuta daude beren arloetako medikuntza-tratamenduan, ortopedian, kirurgian eta artroskopian. Azaldu dutenez, “artroskopia kirurgia ez-erasokorra egiteko baliabide paregabea da. Gaur egun, belauneko patologia asko tratatzerakoan, inork ez du kirurgia irekirik egiten. Aurrerapen egonkortua dela esan daiteke”.
Sorbalda maila berean dagoen arren, Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoek adierazi dute “oraindik kirurgia irekia egiten dela kasu batzuetan, baina gero eta ebakuntza gutxiago egiten direla, artroskopiaren aurrerapenei esker. Guk uste horretan aurrera egingo duen hirugarren artikulazioa aldaka izango dela; izan ere, aurrerapauso batzuk eman dira jada. Gainerako artikulazioetan, hala nola eskumuturra, ukondoa edo orkatila, kirurgia-aukera txikiagoak ditu”.
Adituen arabera, teknika honen abantaila nagusia da “kirurgia ebakuntza txikiekin egiten dela, eta, beraz, ez direla ehun bigunak kaltetzen, kirurgia irekiarekin gertatzen den bezala. Ondorioz, gaixoek ospitalean denbora gutxiago egon behar dute eta ebakuntzetan zailtasunak egoteko aukerak murrizten dira, eta, hortaz, osatzeko denbora gutxiago behar dute kirurgia ostean eta prozesua ez da horren mingarria”.
Puntako teknikak Ricardo Cuellar eta Juan Ponte traumatologoen hitzetan, “artroskopiaren bidez teknika ugari gauzatu daitezke, eta, horrela, protesiak jartzeko beharra atzeratu, batik bat gaixo gazteenen kasuan”. Artikulazioei dagokienez, azetabulu eta femurraren arteko talka tratatzeko aldaka-artroskopia nabarmendu behar da.
Patologia hori heldu gazteei eragiten die, eta tratamendu goiztiarra eginez, artrosia ekidin daiteke. Belauneko lesioen inguruan, bi gai izango dituzte hizpide: lokailu gurutzatuen lehengoratzea eta kartilago-lesioen tratamendua horiek lehengoratzeko zelula-hazkuntzaren eta kondorzito-inplanteen bidez, hots, hondatutako kartilagoa lehengora dezaketen zelula-mota bat.
Halaber, meniskoaren josturaz, menisko artifizialak txertatzeaz eta menisko-transplanteez —emaile-bankuetako ehunekin sortutako meniskoa jartzea— ere aritu dira. Espainian oso leku gutxitan egiten dira teknika horiek, eta bertaratzen direnek horien berri izateko aukera edukiko dute.
Sorbalda-patologiei dagokienez, lesio konplexuetarako artroskopia-tratamenduaz mintzatuko dira, besteak beste: SLAP, berragertzen diren lokadurak eta biratzaileetako mahukatxoen haustura. Horrez gain, kirurgia misto irekiaz eta artroskopikoaz eta tendoiekin lotutako teknikez ere arituko dira.
Tratamendu biologikoen arloan, adituek artikulazio handietan eta txikietan azido hialuronikoa infiltraltzea eta plasma-hazkuntzaren terapia azpimarratu dituzte, artrosi arinen kasuan zein muskuluen, lokailuen eta ehun bigunen lesio batzuetan.