“Desoreka kronikoa pairatzen dutenek daukate bizi-kalitaterik okerrena”

Jendetza Xabier Altuna eta Carlos Saga otorrinolaringologoek hipoakuasiaren eta bertigoaren gainean emandako konferentzian

Asko izan ziren, otsailaren 27an (osteguna), Xabier Altuna eta Carlos Saga otorrinolaringologoek emandako konferentziara bertaratu zirenak, inplante koklearren eta bertigoaren gaineko interesak eramanda.  Konferentzia arrakastatsua izan zen, Andia Kaleko Kutxa Aretoa erabat bete baitzuen.

Xabier Altuna doktoreak azaldu zuen entzumen-arazoak uste baino ohikoagoak direla. Izan ere, mila pertsonatik bost jaiotzen dira akatsen batekin belarrian, eta bost horietatik, batek gortasuna edo hipoakusia bilaterala dauka. Patologia horren tratamenduan egindako azken aurrerapenei dagokienez, Altuna doktorea inplante koklearrei buruz aritu zen, entzumen-arazoak dituzten pertsona gero eta gehiagori laguntzen dieten gailu txikiak, hain zuzen ere.

Altuna doktoreak azaldu zuen “inplantea kirurgia bidez jartzen dela, horri esker gaixoak normaltasunez entzun dezakeela, eta barneko eta kanpoko parte batez osatuta dagoela”. Adierazi zuenez, “gaixoei datxekiola, ez dauka murriztasunik, inplante koklearra umeetan zein helduetan eta adinekoetan jar daitekeelako”.

 Bertigoa

Ondoren, Carlos Saga otorrinolaringologoa bertigo-arazoei buruz mintzatu zen. Azaldu zuen barne-belarriaren kanal erdizirkularretan endolinfa izeneko likido bat dagoela, eta horren mugimenduak kontrolatzen duela oreka. Halaber, esan zuen likidoa daramaten kanaletan “hondakinak” gera daitezkeela, denborarekin. Horrek jarioa oztopotatzen du, eta, ondorioz, bertio-krisiak eragin. Sagak bertigo-mota desberdinak aurkeztu zituen, hala nola posiziozko bertigoa eta Meniere-rena. Bi mota horien arteko diferentzia da azken horretan ezin direla atakeak aurreikusi. Gainera, erantsi zuen “edozein bertigo-motak desoreka kronikoa eragin dezakeela, eta desoreka kronikoa jasaten duten pertsonak direla bizi-kalitaterik okerrena daukatenak”. Azaldu zuen bestibuluaren errehabilitazioarekin desoreka kronikoa arrakastaz trata daitekeela. Terapiak denbora eta lana behar du, baina emaitzak pozgarriak dira. Posiziozko bertigoaren kasuan, berriz, gaixoaren burua hainbat posiziotan jartzen da, “Epley-ren maniobra” izeneko teknika batekin. Horrela, saio bakarrean bertigo-krisiak konpon daitezke.

Jardunaldiak medikuek hitzaldia eman ostean ere jarraitu zuen, publikoak galdera-txanda luzea egin baitzuen. Eskertzekoak dira entzuleen interes handia eta bi doktoreen profesionaltasuna.