Haurren obesitateari buruz Gipuzkoan egin den lehen ikerketaren aurkezpena
Policlinica Gipuzkoako Carlos Elosegi Doktorea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kirolari eta haurren obesitateari buruzko lehen ikerketa sustatu dute Gipuzkoan.
Policlinica Gipuzkoako Carlos Elosegui Doktorea Fundazioak haurren obesitateari buruz Gipuzkoan egin den lehen ikerketa sustatu du Policlinica Gipuzkoako Kirol-Medikuntza Zerbitzuaren bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean.
“KILOGIP: Kirola eta loditasuna Gipuzkoan – Ariketa fisikoa eta obesitatea eskola-adinean” ikerketak ezagutzera eman du, lehen aldiz Gipuzkoan, obesitateak eta gehiegizko pisuak zenbaterainoko eragina duen Gipuzkoako haur-biztanlerian. Zehazki obesitateak gehien eragiten duen adin tartean jarri du arreta ikerketak. Helburua da esku-hartzeko estrategia eraginkorrak ezartzea, arazo hau prebenitu ahal izateko; izan ere, neurririk hartzen ez bada, loditasuna arazo handienetako bat izatera iritsi liteke datozen urteetan.
KILOGIPek 1.809 ikaslek osatutako lagina analizatu du 2003-2008 tartean: 8 eta 15 urte bitarteko 922 mutil eta 887 neska galdekatu ditu zehazki, Gipuzkoako 7 eskualdetakoak.
Pérez de Ayala Doktoreak, Policlinica Gipuzkoako kirol-medikuntza zerbitzuko arduradunak, gidatu du ikerketa. Ondoan izan du beste diziplina batzuetako espezialistek osatutako taldea. Talde horretan ziren Amaia Ramirez doktorea eta psikologoa eta Laura González eta Nerea Sáenz de Urturi nutrizionistak.
KILOGIPen azterketak badu balio erantsi bat ere: haurren obesitatean eta gehiegizko pisuan eragiten duten aldagaien artean zer lotura dagoen zehazten du; hau da, besteak beste gorputz-osaeraren, maila fisikoaren, elikaduraren edo nork bere buruaz duen irudiaren artean zer lotura edo harreman dagoen.
Aldagaien analisi hau aintzat hartuta, KILOGIPek hainbat datu esanguratsu nabarmendu ditu. Esaterako: Gipuzkoako mutilen %21ek eta nesken %17,3k gehiegizko pisua eta obesitatea pairatzen du eta ikasleen %97k ez du NAOSen gomendioetan zehaztutako adina fruta eta barazki hartzen egunean.