Euskadiko eskola-umeen % 39k gosari osasungarria egiten dute, esnez, zerealez eta fruituz osatua

Euskadiko eskola-umeentzako bihotz-hodietarako gosari osasungarrien XIV. edizioa gaur goizean abiatu da Bilbon eta 2013/2014 ikasturtean zehar 10-11 urte bitarteko 6.348 haurrengana iritsiko da

  • Bihotz Bizi Elkarteak bihotz-hodietarako gosari osasungarrien XIV. edizioa antolatu du Policlínica Gipuzkoa, Okinen Euskal Federazioa, Ausolan, Eroski, Euskadiko Farmazialarien Kontseilua eta Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin.
  • Gaur goizez abiatu da ekimen honen XIV. edizioa Bilboko Maristas El Salvador ikastetxean. Aipagarria da edizio honetan inoiz baino ikastetxe (144) eta ikasle (6.348) gehiagok eman duela izena.
  • Jarduera horrela egituratzen da: lehenik eta behin ikasleei informazio-hitzaldia ematen zaie gosari on batek duen garrantziari buruz eta, ondoren, funtsezko osagaiekin prestatuta, bihotz-hodientzat osasungarria den gosari bat dastatzen dute.

Bilbo, 2013ko azaroak 12.- Bilboko Maristas El Salvador Ikastetxean abiatu da gaur goizez eskola-umentzako bihotz-hodietarako gosari osasungarrien hamalaugarren edizioa, Bihotz Bizi Bihotz-hodietako gaixotasunen Informazio eta Prebentziorako Elkarteak (www.corazonvivo.com) antolatuta, haurrak goizero behar bezala gosaltzeak duen garrantziaren inguruan kontzientziarazteko helburuarekin. Beste urte batez, kanpaina Okinen Euskal Federazioaren, Policlínica Gipuzkoaren, Ausolanen, Eroskiren, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) babes eta lankidetzarekin burutu ahal izango da.

Hamalaugarren edizio hau izango da partaidetza handienekoa, izan ere, momentuz, 144 ikastetxetako 6.348 ikaslek parte hartuko dute ekimenean (Arabako 17 ikastetxetako 625 ikasle; Bizkaiko 74 ikastetxetako 3.267 ikasle; eta Gipuzkoako 53 ikastetxetako 2.456 ikasle).

Azken edizioan 2.128 inkesta baino gehiago burutu ziren Euskal Autonomia Erkidego osoko 53 ikastetxetan. Datu horien azterketatik (EHUko Farmazia Fakultateak egin duena) ondorioztatzen denez, haurren gosaltzeko ohituretan hobekuntzak hautematen dira, “baina hainbat puntutan lanean jarraitu behar dela ikusten da”.

Inkesta horien arabera, inkesta bete duen % 39,2ak gosaltzerakoan behar bezala konbinatzen ditu elikagaiak (esnea+fruitua+zerealak). Gosaltzen ematen duten denborari dagokionez, % 92,5ak 15 minutu baino gehiago hartzen du gosaltzeko.

Bestetik, osoko ogiaren kontsumoa areagotu egin dela nabarmendu behar da. Horrek zuntza hartzearen onura dakar. Gosaria laguntzeko elikagaiei dagokionez, azken urteetan pixkanaka oliba-olio gehiago erabiltzen dela hautematen da.

 

Hiru lurraldetan inkestetako emaitzak antzekoak badira ere, nabarmentzekoa da Araba eta Gipuzkoan ogiari laguntzeko gero eta oliba-olio gehiago erabiltzen dela. Gainera, Bizkaian, 10 haurretik 4k gosari osoa egiten du. Kopuru horrek batez bestekoa gainditzen du.

Bestalde, opilen kontsumoa handi samarra da oraindik, izan ere, ikertutako herritarren % 40k maiztasunez hartzen ditu opilak. Gainera, aurreko kanpainarekin alderatuta portzentaje hori ez da aldatu. Datu horrek 2013/2014 kanpainarako helburu argi bat dakar, hots, “une berezietarako uzteko ahalegina egitea”.

Halaber, inkestan parte hartu duten eskola-umeen % 60k ez du esnekirik hartzen eta garrantzitsua da gosaritarako esne hartzituak, jogurtak eta gazta freskoa hartzeko joera sustatzea. “Elikagai horietako zenbaitek nutrienteek ematen ez dituzten onurak dakartzate, esate baterako, bakteria onuragarriak. Gainera, haur gutxik hartzen du zuntz dietetiko askoko elikagairik eta, horregatik, komenigarria litzateke gosaritan osoko ogiaren kontsumoa areagotzea” adierazi dute bihotz-hodietarako gosari osasungarrien antolatzaileek.

Orobat, nabarmendu dute “gosari osasungarri baten osagai guztiak konbinatzen dituen gosari oso bat egitearen garrantzia azpimarratzen jarraitu behar dela, osasuna zaindu eta etorkizunean bihotz-hodietako arazoak prebenitzeko”.

Errealitate horren aurrean, Bihotz-Bizi elkarteak beste ikasturte batez lanari ekingo dio, eskola-umeak gosari on batek duen garrantziaz ohartzeraino.