De izquierda a derecha los Dres. José Luis Elósegui y Javier Murgoitio, Dr. Juan Ignacio Arenas, especialista en aparato digestivo

Koloneko minbizien % 90 sendagarriak dira goiz diagnostikatzen badira

Poliklinika Gipuzkoak Osasun Ikasgelen edizio berria inauguratuko du koloneko minbiziari buruzko hitzaldi batekin Donostian

Poliklinika Gipuzkoak Osasun Ikasgelen ziklo berria inauguratuko du, eta 11 hitzaldi jasoko ditu, 7 Donostian eta 4 Eibarren. Edizio berri honen helburua da osasunaren arloko pil-pileko gaien bitartez informazio eguneratua eskaintzea eta bertaratuekin mahai-inguru txikiak sortzea, zalantzak argi ditzaten.

Edizio berri honi hasiera emateko, hitzaldi bat emango dute Donostian, ostegun honetan (otsailak 19), Andia Kaleko Kutxa Aretoan. Bertan, koloneko minbiziari buruz hitz egingo dute José Luis Elósegui eta Javier Murgoitio kirurgialari orokorrek eta digestio-aparatuan espezialista den Juan Ignacio Arenas doktoreak.

Koloneko minbiziak ia trafiko-istripuek bezainbeste hildako eragiten ditu egunero. kolona da digestio-hodiko organo bakarra prebentzioa egin dakiokeena prozedura erraz baten bidez: kolonoskopia.

 Koloneko minbizia gehienak polipo onbera batetik eratzen dira, eta posible da sintomatologiarik ez izatea, baina urteek aurrera egin ahala minbizia eragin dezakete. Juan Arenas doktoreak honela azaldu du: “Koloneko minbizien % 90 sendagarriak dira goiz diagnostikatzen badira, eta screaning bat egiteko eginkarietan ezkutatutako odolaren test bat egitea komeni da, positibo ematen duten kasuetan kolonoskopia bat egiteko. Proba horrekin, etorkizunean koloneko minbizia eragin dezaketen lesioak edo polipoak detektatzen eta tratatzen ditugu. Gainera, fase goiztiarreko tumoreak aurkitzen dira, eta, horrenbestez, horiek sendatzeko aukera handia dago”.

Gainera, Juan Arenas digestio-aparatuaren espezialistak ziurtatzen du “alarma-seinale bat odola izan daitekeela, eta inork eginkarietan odola ikusten badu, heste-ohituran aldaketak baditu (idorreria, diarrea edo erritmo aldakorra) edo sabeleko edo pelbiseko mina badu, espezialistarekin kontsultatu behar duela”.

Biztanleriari orokorrean —hau da, koloneko minbiziaren aurrekariak ez dituztenei— gomendatzen diegu 50 urtez geroztik screening proba egin dezatela eginkarietan ezkutatutako odolarekin 2 urtean behin, eta, positiboa ateratzen bada, kolonoskopia; edo kolonoskopia bat zuzenean egin dezatela 10 urtean behin, bai gizonek bai emakumeek. “Arriskuan” dauden biztanleekin egoera aldatu egiten da. Polipoen aurrekari pertsonalak dituzten gaixoak dira, edo polipoekin edo koloneko minbiziarekin familiartekoren bat daukatenak. Kasu horietan, kolonoskopiaren bidez prebentzio-kontrolak egiten hasi behar dira 40 urtetik aurrera, eta 5 urteko aldizkakotasunarekin egin behar dituzte, hau da, lehenago hasi behar dute, eta maiztasun handiagoarekin egin.

 

Tratamendua

 Hitzaldian, José Luis Elósegui eta Javier Murgoitio kirurgialari orokorrek ia erasokorra ez den kirurgiarekin egindako azkeneko tratamenduak azalduko dituzte behin koloneko minbizia diagnostikatu den kasuetarako.

“Heste lodia zein mehea segurtasunez eta eraginkortasunez opera daitezke teknika laparoskopikoen bidez, eta koloneko minbiziaren kirurgiari dagokionez egiaztatuta geratu da sendatzeko aukera handiagoa dagoela eta ohiko kirurgia irekia bezain erasokorra ez dela” azaldu dute Elósegui eta Murgoitio kirurgialariek.

Teknika hori tumorea ezarrita dagoen kolonaren zati bat erauztean datza, eta lesioaren alde banatan ehundura normalaren puska bat ere erauzten da, dagozkion ganglio linfatikoekin. Gero, kolonaren muturrak batzen dira digestio-hodiaren jarraipena lehengoratzeko eta haren funtzioa mantentzeko.

Doktoreen ustez, ia erasokorra ez den digestio-kirurgiaren abantailak are handiagoak dira, gaixoak ebakuntza osteko erosoagoa eta efektu estetiko hobea izango dituela aparte utzita. “Epe luzean, halaber, agerian utzi da beste abantaila batzuk dituela, heste-buxadura gutxiago eragiten direla esaterako, atxikidura gutxiago daudelako eta barneko orbainak txikiagoak direlako. Halaber, hernia-arazo eta sabelaldeko paretan akats gutxiago eragiten dituzte” gehitu dute.