Gipuzkoako Poliklinikak eta Osakidetzak hitzarmena sinatu dute Bihotz-errehabilitaziorako

Osakidetzan bihotz-ebakuntza izan duten guztiek zerbitzua eskura izango dute aurtengo azarotik aurrera.

Donostian, 2011ko azaroaren 14an.- Gipuzkoako Poliklinikak gaur goizeko prentsaurrekoan jakinarazi du osasun-hitzarmena sinatu berri duela Osakidetzarekin Bihotz-errehabilitazioaren gainean. Hitzarmenak eskualdean bihotz-ebakuntzak jasaten dituzten gaixo guztien arreta bermatzen du. Itun berri horren bidez, gaixoak errehabilitazioa hasteko hitzordua izango du kirurgia ostean alta jaso aurretik.

Prentsaurrekoan, honako hauek izan dira: Bihotz-errehabilitazioko Zerbitzuaren burua, Eduardo Alegria kardiologoa; Gipuzkoako Poliklinikako arreta-koordinatzailea, Javier Montes kardiologoa eta Poliklinikako presidentea, Ignacio Gallo kirurgilari kardiobaskularra.

 

 

Poliklinika bihotz-kirurgia eskaintzen duen osasun-zentro bakarra da Gipuzkoan, eta urtero, 500 bihotz-ebakuntza baino gehiago egiten ditu. Osakidetzarekin hitzartutako zerbitzu berriaren aurkezpenean, zerbitzua aurtengo azarotik eskaintzen dutela eta gaixoek oso harrera ona egin diotela adierazi dute.

Hitzarmenaren bidez, Poliklinikan ebakuntza izan duten gaixoak automatikoki Bihotz-errehabilitaziorako programan sar daitezke, eta errehabilitazioa hasteko hitzorduarekin ateratzen dira zentrotik. Bihotz-errehabilitaziorako programak hiru hilabeteko iraupena du batez beste, eta ordubeteko saioak egingo dira, astean 5 egunetan. Eduardo Alegria kardiologoak zuzentzen du programa, eta osoko terapia-zerbitzua ematea aurreikusten du, gaixoa ahalik eta azkarren eta hobekien osatu dadin.

Poliklinikaren Bihotz-errehabilitaziorako zerbitzua 2010ean sortu zen, eta aseguru-konpainia pribatu eta mutua nagusiekin hitzarmenak ditu. Frogatuta dago bihotz-errehabilitazioak hilkortasuna %20 murrizten duela bihotzekoa izan ostean, eta, horrez gain, estresa, antsietatea eta depresioa gutxitzen ditu, norberarenganako konfiantza eta bizitzeko gogoak handitzen ditu, gaitasun fisikoak hobetzen ditu eta gaixoei kirola egiteko aukera ematen die. Horrela, gaixoak lehenago has daitezke berriz lanean eta euren sexu-jarduera normalizatu dezakete, eta, aldi berean, berriz bihotzekoa izateko aukerak txikitzen dira.

Diziplina anitzeko ekipoa eta ekipamendu ugaria Diziplina anitzeko ekipo batek artatzen ditu Poliklinikaren Bihotz-errehabilitaziorako programetan sartzen diren gaixoak: fisioterapeutak, psikologoak, nutrizionistak eta prestatzaile fisikoak, eta kardiologo-koordinatzailea. Gaixoa programan sartzen denean, bizi-ohiturak jasotzen dituen historia zehatza egiten zaio, jarraipena egiteko eta kontrola eramateko. Programak iraun bitartean, gaixoak entrenamendu fisikoa egiten du frekuentzia kardiako jakin batean, eta fisioterapiako ariketa-taulak eta bizikleta-ariketak gauzatzen ditu, monitorizazio telemetriko bidez gainbegiratuta beti. Entrenamendua osatzeko, prestatzaile fisikoak ariketa-programa antolatzen du, eta intentsitatea gero eta handiagoa duten martxak egiten dira.

Halaber, programaren beste parte garrantzitsu bat elikadura eta egoera emozionala zaintzea da. Helburuak elikadura-ohitura txarrak tratatzea da, arrisku-faktoreak kontrolatuz. Horrez gain, jokaera-ereduak aztertzen dira, pertsona bakoitzaren antsietate- edo depresio-egoerak baloratzeko. Gaixo bakoitzari hilabetean behin jarraipen-kontsulta egiten zaio, nutrizionistarekin eta psikologoarekin, eta amaieran, balorazio-kontsulta ere badu, kardiologoarekin.

Poliklinikaren Bihotz-errehabilitaziorako zerbitzua urtebete baino gehiago martxan darama jada, eta hitzarmena sinatzerakoan, instalazio handitzeko inbertsio berriak onartu dira. Azaro amaiera hasiko dituzte instalazioak hedatzeko obrak, eta urtarrilerako amaituta egongo dira. Bihotz-errehabilitaziorako eremu berriak gaixoak hartzeko espazio modernoa izango du, dutxaz hornitutako aldagelekin eta ekipamendu tekniko handiarekin.

Gainera, gimnasioa edukiko du, puntako teknologiaz ekipatuta: zikloergometro modernoenak (bizikleta bereziak), pisuak, horma-barrak eta osoko arreta emateko behar den guztia. Postuek monitorizazio telemetrikoa, ergometria, Holter probak eta Kardiologia-zerbitzuko diagnosietako eta tratamenduetako baliabide guztiak edukiko dituzte. Poliklinika erreferentziazko zentroa da Euskal Autonomia Erkidegoan Kirurgia Kardiobaskularrean eta Hemodinamikan, espezialitate horietan duen arreta-bolumen handia dela eta. Horregatik, edozein larrialdi artatzeko beharrezko gailu guztiak ditu, halakorik gertatuko balitz.


Policlínicako Dr. Carlos Elósegui Fundazioak eta Biodonostiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Roque Ascoz doktoreak, Policlínica Gipuzkoako eta FCEko presidenteak, eta Julio Arrizabalaga doktoreak, BioDonostia-ko zuzendariak, gaur goizean sinatu dute osasun ikerketa bultzatzeko esparru-akordioa.

Policlínica Gipuzkoak eta Biodonostiak gaur goizean sinatu dute lankidetzarako esparru-akordioa, interes komuneko zientzia eta teknika arloetan ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko bide komunak jartzeko; Ikerketa eta Garapen Proiektuak eta Aholkularitzakoak barne, eta baterako proiektuetan parte hartzeko, baita irakaskuntza eta kudeaketa lanetan ere.

Erakunde bietako arduradunek, Roque Ascoz doktoreak, Policlínica Gipuzkoako eta Dr. Carlos Elósegui Fundazioko presidenteak, eta Julio Arrizabalaga doktoreak, BioDonostiako zuzendariak, beren sinadura ezarri dute gaur goizean eta lortutako akordioarekin pozik agertu dira, pentsatuz lankidetza honetatik sortuko den sinergiari esker etorkizun hurbilean Gipuzkoan osasun ikerketako proiektu zehatzak egin ahal izango direla.

DR. CARLOS ELÓSEGUI FUNDAZIOA Policlínica Gipuzkoak 2004an eratutako entitatea da, eta xede du biozientzia eta osasun zientzietan ikerketa, irakaskuntza, prestakuntza, heziketa, dibulgazioa eta sustapena bultzatzea, bai medikuei eta sanitatearekin lotutako profesionalei zuzenduta, eta bai hainbat kolektibori eta herritarri oro har zuzenduta; bai alde mediko, sanitario, tekniko eta zientifikoan, eta bai, asistentzia sanitario eta sozio-sanitarioa kudeatu eta antolatzen eta hari euskarriak jartzen. Era berean, xedetzat du jakintza bultzatzea eta aholkua ematea, osasun zientziekin edo zerbitzu sanitario eta sozio-sanitarioarekin lotura duten diziplina eta espezialitateetan, eta baita, litekeena bada, aipatutako zerbitzuak kudeatzea ere”.

BIODONOSTIA Osasun Ikerketako Institutu bat da, Osakidetzak eta Bioef-ek 2008ko abenduaren 26an sinatutako hitzarmenaren emaitza, Donostia ospitalean oinarria duena; Elkartearen forma juridikoa du, eta xedea hau, ikerketa biomedikoa, epidemiologikoa, osasun publikokoa eta zerbitzu sanitarioetan dagoena sustatzea, eta osasun sistemaren programa eta politikak zientifikoki euskarritzea eta lehentasunez ikerketa traslazionala bultzatzea.