Poliklinika Gipuzkoa, sialoendoskopiaren teknika aplikatzen duen Euskadiko lehen osasun-zentro pribatua

Carlos Saga eta Xabier Altunaren otorrinolaringologia-zerbitzua sialoendoskopiaren teknika erabiltzen hasi da kalibre milimetrikoak dituzten optikak erabiliz, listu-guruinen patologia aztertu eta tratatu ahal izateko. Azken hilabetean, lau pertsonekin erabili dute teknika hau, haietako bat Logroñotik etorri zen eta beste bat, 12 urteko neska , Cadizeko probintziatik. Kirurgia konplexuak dira teknikaren ikuspuntutik, prestakuntza-prozesu luzea eta material oso espezifiko eta delikatuak behar baitira.


Poliklinika Gipuzkoak doako ahots-azterketak egingo ditu Ahotsaren Mundu Eguna ospatzeko

Apirilak 16, Ahotsaren Mundu Eguna

  • Gipuzkoako biztanleen % 5 inguruk espezialista otorrinolaringologo baten esku-hartzea behar duen ahots-arazoren bat dauka.
  • Irakasleen % 22,5ek ahots-arazoren bat dute, eta horixe da, hain zuzen ere, baja hartzeko arrazoirik nagusiena.
  • Xabier Altuna eta Carlos Saga doktoreen zerbitzuak doako ahots-azterketak egingo dizkie apirilaren 14, 15, eta 16rako hitzordua eskatzen duten lehen 20 pertsonei.

Donostian, 2014ko apirilaren 11n.- Xabier Altuna eta Carlos Saga doktoreek zuzentzen duten Poliklinika Gipuzkoako Otorrinolaringologia Zerbitzuak doako 20 ahots-azterketa egingo dizkie apirilaren 14, 15, edo 16rako hitzordua eskatzen duten pertsonei, apirilaren 16an Ahotsaren Mundu Eguna dela ospatzeko. Interesdunek 943 00 09 28 telefono-zenbakian eska dezakete hitzordua.

Kalkulatzen da Gipuzkoako biztanleen % 5 inguruk espezialista otorrinolaringologo baten esku-hartzea behar duen ahots-arazoren bat daukala.

Xabier Altuna otorrinolaringologoak ziurtatzen du “ahots-arazoak 25 eta 45 urte arteko pertsonetan direla ohikoen, eta emakumeen kopurua pixka bat handiagoa dela”. Gainera, Altuna doktoreak azpimarratzen du irakasleak direla patologia hori gehien jasaten duen sektorea. Zehazki, “irakasleen % 22,5ek disfonia dauka, ahotsaz neurri gabe baliatzeagatik, eta, hain zuzen ere, horixe da laneko baja hartzeko arrazoirik ohikoena”.

Euren kontsultatik, Altuna eta Saga doktoreek azaltzen dute “ahots-azterketa bat eginda, ahots-korden patologien % 95 diagnostika daitekeela”. Azterketa horretan, gaixoari elkarrizketa egiten diote, inoiz sintomarik izan duen jakiteko, eta, jarraian, ahots-kordak miatzen dizkiote, fibroskopio edo estroboskopio bidez. Kamera horiei esker, ahots-kordak mugitu bitartean azter daitezke, eta, horrela, horien funtzionamendua ikusi eta gaixoak patologiarik duen antzeman daiteke.

Ahotsaren Mundu Eguna

Espainiako Otorrinolaringologia Elkarteak Ahotsaren Mundu Egunaren XXV. Edizioa ospatzen du, biztanleak ahotsarekin lotutako patologien gainean sentsibilizatzeko, horien prebentzioa sustatzeko eta tratamenduetan egindako azken aurrerapenak ezagutarazteko. 1999an ospatzen hasi zen, eta, urtero bezala, aurten ere apirilaren 16an (datorren asteazkena) hainbat ekitaldi aurreikusi dira, horien artean azpimarratzekoak direlarik kantu-emanaldiak, ahotsa zaintzeko aholkuak, konferentziak eta hitzaldi hezitzaileak.//


“Desoreka kronikoa pairatzen dutenek daukate bizi-kalitaterik okerrena”

Jendetza Xabier Altuna eta Carlos Saga otorrinolaringologoek hipoakuasiaren eta bertigoaren gainean emandako konferentzian

Asko izan ziren, otsailaren 27an (osteguna), Xabier Altuna eta Carlos Saga otorrinolaringologoek emandako konferentziara bertaratu zirenak, inplante koklearren eta bertigoaren gaineko interesak eramanda.  Konferentzia arrakastatsua izan zen, Andia Kaleko Kutxa Aretoa erabat bete baitzuen.

Xabier Altuna doktoreak azaldu zuen entzumen-arazoak uste baino ohikoagoak direla. Izan ere, mila pertsonatik bost jaiotzen dira akatsen batekin belarrian, eta bost horietatik, batek gortasuna edo hipoakusia bilaterala dauka. Patologia horren tratamenduan egindako azken aurrerapenei dagokienez, Altuna doktorea inplante koklearrei buruz aritu zen, entzumen-arazoak dituzten pertsona gero eta gehiagori laguntzen dieten gailu txikiak, hain zuzen ere.

Altuna doktoreak azaldu zuen “inplantea kirurgia bidez jartzen dela, horri esker gaixoak normaltasunez entzun dezakeela, eta barneko eta kanpoko parte batez osatuta dagoela”. Adierazi zuenez, “gaixoei datxekiola, ez dauka murriztasunik, inplante koklearra umeetan zein helduetan eta adinekoetan jar daitekeelako”.

 Bertigoa

Ondoren, Carlos Saga otorrinolaringologoa bertigo-arazoei buruz mintzatu zen. Azaldu zuen barne-belarriaren kanal erdizirkularretan endolinfa izeneko likido bat dagoela, eta horren mugimenduak kontrolatzen duela oreka. Halaber, esan zuen likidoa daramaten kanaletan “hondakinak” gera daitezkeela, denborarekin. Horrek jarioa oztopotatzen du, eta, ondorioz, bertio-krisiak eragin. Sagak bertigo-mota desberdinak aurkeztu zituen, hala nola posiziozko bertigoa eta Meniere-rena. Bi mota horien arteko diferentzia da azken horretan ezin direla atakeak aurreikusi. Gainera, erantsi zuen “edozein bertigo-motak desoreka kronikoa eragin dezakeela, eta desoreka kronikoa jasaten duten pertsonak direla bizi-kalitaterik okerrena daukatenak”. Azaldu zuen bestibuluaren errehabilitazioarekin desoreka kronikoa arrakastaz trata daitekeela. Terapiak denbora eta lana behar du, baina emaitzak pozgarriak dira. Posiziozko bertigoaren kasuan, berriz, gaixoaren burua hainbat posiziotan jartzen da, “Epley-ren maniobra” izeneko teknika batekin. Horrela, saio bakarrean bertigo-krisiak konpon daitezke.

Jardunaldiak medikuek hitzaldia eman ostean ere jarraitu zuen, publikoak galdera-txanda luzea egin baitzuen. Eskertzekoak dira entzuleen interes handia eta bi doktoreen profesionaltasuna.


“Hipoakusia duten gaixoen % 70ek ez diete tratamenduen azken aurrerapenei probetxu ateratzen”

Aurrerapenak bertigoaren eta gortasunaren tratamenduan Poliklinika Gipuzkoaren Osasun Ikasgeletan

Donostian, 2014ko otsailaren 26an.- Xabier Altuna eta Carlos Saga Poliklinika Gipuzkoako otorrinolaringologoek, bihar (osteguna, otsailak 27), arratsaldeko 19:30ean Andia Kaleko Kutxa Aretoan hitzaldia emango dute, bertigoaren eta hipoakusiaren tratamenduan izandako azken aurrerapenei buruz, Osasun Ikasgelen Zikloaren barruan. Beti bezala, konferentziarako sarrera askea izango da edukiera bete arte.

Barne-belarriaren patologiak dira banakoen giza dimentsioari gehien eragiten dietenak, komunikatzeko gaitasunean efektu zuzena daukatelako. Kalkulatzen da 3 milioi espainiar baino gehiagok entzumen-galera duela. Gehienak adineko pertsonak diren arren, talderik ahulena jaioberriak dira. 1.000 haurtxotik bost entzumen-arazoekin jaiotzen dira.

Gortasunaren tratamenduan aurrerapen handiak egon dira: kirurgiatik eta audiofonoetatik hasita, entzumen-inplanteetara. Hala ere, “hipoakusia duten gaixoen % 70ek ez diete probetxu ateratzen tratamenduetan izandako azken aurrerapenei” ziurtatzen du Xabier Altuna otorrinolaringologoak, aditu nagusietako bat inplante koklearretan. Euskal Autonomia Erkidegoan, Poliklinika Gipuzkoa da teknika hori eskaintzen duen ospitale pribatu bakarra.

Xabier Altunaren arabera, “kirurgian aurrerapenak egin dira gortasunaren tratamenduan, batez ere belarrian txerta daitezkeen gailuei dagokienez, mota guztietako gortasunei irtenbidea ematen laguntzen dutelako, gortasun arinetatik larrietara, eta adin-talde guztietan jar daitezkeelako”.

Bereziki garrantzitsua da gailu horiek gortasun akutua duten jaioberriei txertatzea, haurtxo horientzat hizkuntzaren garapena arazoa izan daitekeelako lehen bizitza-urteetan. Inplante koklearrekin, haurra normaltasunez gara daiteke, gure herrialdean tratatutako ehunka kasutan ikusi den bezala.

Bertigoa eta oreka-arazoak

Bertigoa eta oreka-arazoak izango dira hurrengo Osasun Ikasgelan tratatuko diren beste patologiak. Bertigoa ohiko gaitza da herritarren artean, eta eragin handia dauka gaixoen bizi-kalitatean. 10 gaixotatik lauk bertigo-episodioren bat izango dute bizitzan zehar. Zehazki, oreka-arazoek adineko pertsonetan dute eraginik handiena, oreka-sistema naturalki narriatuz baitoa, eta, ondorioz, pertsonak gutxiago mugitzen hasten dira edo gehiegizko prebentzio-neurriak hartzen dituzte.

Carlos Saga otorrinolaringologoaren hitzetan, “Poliklinika Gipuzkoan zorroztasun handiko azpiegiturak ditugu bertigoarekin eta orekarekin lotutako gaitzak diagnostikatu eta tratatzeko. Gaixoaren erantzuna neur dezakegu, haren mugimenduak aztertuta. Horretarako, gaixoak plataforma baten gainean oinak jarri eta ikuseremuan aldaketak eragiten ditugu, mugimenduari erantzuteko modua diagnostikatzeko”.

Posiziozko bertigo paroxistikoa tratatzeko, Saga doktorearen kontsultan hainbat maniobra erabiltzen dira (Epley, Semont, Barbecue…), eta emaitza bikainak dituzte gaixoarentzat epe oso laburrean.

Oreka-arazoen kasuan, tratamenduaren azken aurrerapenek bestibuluaren errehabilitazioa dute ardatz. “Orekan espezializatutako errehabilitazio-unitate bat daukagu, gaixoak ordenagailu bidezko posturografia dinamikoa eta zoruan egindako ariketak konbinatzen dituzten saioetan gidatzeko, helburua izanik haien jarrera eta mugitzean duten erantzuna normalizatzea, eta, hala, berriz ere segurtasunez ibil daitezen lortzea” azaldu du Saga doktoreak.